Jabi Odriozola: "Lezama aurkari gogorra izango da"

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 22a, 17:25
Jabi Odriozola atzo, Izarraitz pilotalekuan. (Utzitakoa)

Igandean jokatuko du Azpeitiak Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finala, Zumarragako Beloki pilotalekuan, 11:00etatik aurrera. Murgiondoren eta Ezama kadetearen parte-hartzea airean dago oraindik, baina buru-belarri ari dira Ilunpekoak aurtengo bigarren final handia prestatzen. Jabi Odriozola (Aratzerreka, 1980) entrenatzaile eta botilleroarekin hitz egin du Uztarriak finalaren bezperetan.

Gipuzkoako Herriartekoa jokatu eta hilabetera dator Euskal Herrikoaren finala. Iganderako prest al dago taldea?

Taldea prest dago, bai. Murgiondoren zalantza dugu oraindik. Joan den zapatuan min hartu zuen; uzkurdura bat izan zuen hankan, giharra gogortzen hasi zitzaion eta ibili ezinda gelditu zen. Harrezkero masajistarekin lanean ari da eta nahiko baikor dago masajista; igandean jokatzeko moduan izan daitekeela dio, eta ea horrela den, finala nahiko gogorra izango dela aurreikusten dugu eta.

Beraz, Murgiondoren parte-hartzea ez dago guztiz baztertuta?

Bihar arratsaldean edo zapatu goizean proba txiki bat egitekoak gara berarekin, eta horren ondoren erabakiko dugu jokatuko duen ala ez.

Senior mailakoa zehaztearen zain, beste bikoteak erabakita al dituzue?

Beñat Ezama ere eskuetatik kili-kolo dabil; bihar egingo du azken proba, eta berak ezin badu, Urtzi Egigurenek jokatuko du seguru asko. Ezama ondo jartzen bada, kadeteetan Eneko Odriozola eta Ezama ariko dira; jubeniletan Iker Egigurenek eta Josu Labakak jokatuko dute; eta seniorretan Unai Alberdik eta Daniel Murgiondok. Ondo badira, horiek jokatuko dute, eta aldaketaren bat bada, azken ordukoa izango da.

Amurrio aise gainditu zenuten finalaurrekoan, eta orain Lezama duzue zain finalean. Zer dakizue Bizkaiko taldeaz?

Lezama aurkari gogorra izango da. Azken boladan, pandemia dela eta, batetik bestera ibiltzeko aukera gutxi izan dugu eta neuk ez ditut asko ezagutzen hango pilotariak, baina gure pilotari gazteek dezente ezagutzen dituzte, batean eta bestean elkarren kontra jokatutakoak direlako. Badakigu kadete eta senior mailetan, behintzat, bikote gogorrak dituztela. Kale edo bale, batera edo bestera eror daitezkeen partidak izango ditugu horietan.

Faborito argirik gabeko finala izango da, beraz?

Faborito argirik ez dago, ez. Guk badugu konfiantza geuregan; ez dakit faboritoak izango al garen, baina irabazteko gogoa badugu, behintzat.

Igandekoa irabazten badu, Azpeitiak bosgarren txapela batuko du Euskal Herriko Herriartekoan. Bada zerbait.

2004an Gipuzkoako lehen Herriartekoa irabazi zenetik Euskal Herriko bost eta Gipuzkoako zortzi irabazteak zeozer esan nahi du, bai, hala uste dut nik. Gauzak ondo egin direla esan nahi du, eta mutilak irten direla ere bai. Bi faktore horiek bat egin behar dute, hori horrela da.

Herriarteko txapelketen aurtengo zikloa bukatuko duzue igandean. Hurrengo urtekoa urrun dago oraindik, baina noiz hasiko zarete berriz Herriartekoak buruan lanean?

Urte osoan aritzen gara gazteekin lanean, eta Herriartekorako taldea osatzeko onentsuenak zein diren jakinaren gainean izaten gara, gutxi gorabehera. Urtarril-otsail aldean hasten gara horiekin entrenamendu gogorxeagoak egiten, Gipuzkoako txapelketa apiril bukaeran edo maiatzean hasten dela kontuan hartuta. Urte guztian izaten dugu nolabait buruan, guretzat txapelketa garrantzitsuenetakoa delako, baina otsail aldean hasten gara txapelketarako prestatzen.

Azpeitia ziklo luzea ari da osatzen Herriarteko txapelketetan puntako talde gisara. Nola ikusten duzu etorkizun hurbila? Ba al datoz gazteak atzetik?

Bai, badatoz pilotari politak. Hala ere, zaila izango da azken urteetan lortu den mailari eustea. Ume asko dabil pilotan eta uste dut urte askotan Herriartekoan lehiatzeko moduan izango garela, baina ez da erraza izango azken urteetako taldea bezain indartsua osatzea. Aurreikuspenak egitea ere zaila da, gaztetxoetan pilotari batek egundoko aldea egin dezakeelako urte batetik bestera, aurrera zein atzera.

Gaztetxoen txapelketarik ezin izan duzue antolatu azken urtean. Nola ari zarete moldatzen pilotari gazteenekin?

Irailetik hasita, eta pandemiaren kontu hau dela-eta utzi izan diguten heinean, haiekin lanean jardun gara. Joan den urtarriletik, astero egin ditugu saioak gaztetxoekin; aurreko astean bukatu genituen ikasturte honetakoak. Mutilak gustura ibili dira, pozik etortzen ziren entrenatzera, baina, era berean, nabarmena izan da txapelketen falta sumatu dutela, motibazio aldetik antzeman zaie hori. Aurtengoak hala beharko du izan. Ea irailetik aurrera kontuak lasaitzen diren eta normal hasten garen lanean. Luze dihoa hau.

Igandeko finalaren ondoren, zeintzuk izango dira Ilunpeko pilotarien eta kideen hurrengo erronkak?

Kadeteetatik gora, udako torneo pila bat ari dira jokatzen: Ataunen, Hernanin, Sopelan... Herriartekoarekin batera ari dira horiek jokatzen. Udako torneo gehiago etorriko dira gero, Donostiako Antiguakoa eta. Egia da txapelketa horietan pilotariek ez dutela izena emateko aukerarik izaten, antolatzaileek beraiek deitzen dituzte pilotariak. Festetako partidak izaten dira udako beste hitzorduak, baina ez dakit aurten horrelako asko jokatzeko aukerarik izango duten, festarik ez dago eta. Puntan ibiltzen direnek partida dezente jokatzen dituzte udan, hala ere. Irailean Kluben arteko Txapelketarekin hasiko gara, eta bitartean, guk oporrak hartuko ditugu ordura arte; paperak eta fitxak zuzendu beharra izango dugu tartean, baina pilotari gazteekin egiten dugun lanetik, behintzat, oporrak.