Koronabirusa Azpeitian

Zortzi positibo atzeman zituzten atzo herrian

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 21a, 13:18

361,37ko intzidentzia tasarekin, eremu gorrira gerturatzen ari da Azpeitia. Eskualdean ere gora egin du positiboen kopuruak, Hego Euskal Herri osoan bezala: bi milatik gora kutsatze berri zenbatu zituzten atzo.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak plazaratu ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Azpeitian zortzi positibo azaleratu ziren atzo egindako probetan, herenegun baino hiru gehiago, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak ere gora egin du; eremu laranjan jarraitzen du herriak, baina gorrira gerturatzen ari da, 361,37ko tasarekin.

Egoerak okerrera egiten jarraitzen du eguna joan eta eguna etorri. Izan ere, 62 kasu berri hauteman dituzte Urola Kostan —herenegun baino hamabost gehiago—, eta eskualdeko herri handi gehienek eremu gorrian jarraitzen dute. Eskualdeko kasurik gehien Zarautzen atzeman zituzten atzo ere: 21. Herri horretako intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du etengabe, eta uneotan 723,86koa da. Bestalde, Azkoitian 11 kasu hauteman dituzte, eta intzidentzia tasak milatik gorakoa izaten jarraitzen du; hain zuzen ere, kasu berriekin 1.051,49ra igo da tasa. Dena den, Zumaian dute egoerarik okerrena; izan ere, herenegun baino bost kasu gehiago zenbatu zituzten atzo, eta 1.241,48ra igo da tasa. Kopuru horrekin, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik tasarik altuena duen herria da Zumaia.

Orion, berriz, sei kasu izan ziren atzo, eta 636,01era igo da intzidentzia tasa. Eskualdeko gainontzeko positiboak, berriz, Getarian (hiru), Zestoan (bi) eta Aian (bat) zenbatu dituzte. Honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: 565,37 Getarian, 385,21 Zestoan eta 403,02 Aian.

Bi milatik gora, Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko egoerak ere okerrera egiten jarraitzen du nabarmen positibo kopuruari eta positibotasun tasari dagokienez. Atzo, 15.831 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta positiborik gehien Bizkaian atzeman zituzten (873). Ondoren, Gipuzkoan (481), Nafarroan (459) eta Araban (189). Positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du; %12,4 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %14,9 Nafarroan.

Ospitaleetan ere presio gehiago dute apurka-apurka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 234 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik 45 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 80 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik 12 dira ZIUetan daudenak.