Koronabirusa Azpeitian

Ostegunean jarriko dituzte eskuragarri farmazietan COVID-19aren autodiagnostikorako testak

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 20a, 18:49

Hasieran, asteartean ziren salgai jartzekoak errezeta gabeko COVID-19aren autodiagnostikorako testak, eta herriko botiketan antzeman dute eskariaren gorakada. "Arrazoi ezezagunak tarteko", ordea, atzeratu egin dute horretarako baimena, eta farmaziek ezingo dute autodiagnostikorako probarik saldu ostegunera arte.

Espainiako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman eta gero, Hego Euskal Herrian gaur, asteartea, ziren eskuragarri jartzekoak errezetarik gabeko COVID-19aren autodiagnostikoa egiteko testak. Farmaziek, ordea, ezingo dute testik saldu etzira arte. Azpeitiko Artetxe-Bastida farmaziako Mirari Bastidak azaldu duenez, beraiek ere azken unean jakin dute dataren atzerapenaren berri: "Hasieran, gaur ziren autodiagnostikoak eskuragarri jartzekoak. Eguerdian esan digute, bihar; eta azkenean, etzi. Beraz, etzira arte ez dugu testak saltzeko baimenik". Medioetan-eta helarazitako informazio nahasia tarteko, herritar ugari bertaratu omen da gaur herriko farmazietara, errezetarik gabeko autotestak erostera, eta eskariak gora egin duela nabaritu dute farmazietan.

Bastidak azaldu du azken egunetan asko izan direla beraien botikara autodiagnostikorako testen inguruan galdezka deitu dutenak edo test bila joan direnak: "Asteburuan guardian egon gara, eta jende mordoxkak deitu du. Horietako askok oporretara joan aurretik testa egiteko asmoarekin deitu dute, eta beste batzuek, aldiz, prebentzioz". 

Errezetarik gabeko bi test mota egongo dira salgai farmazietan: antigeno testak eta antigorputz testak. Horiekin, lagina norberak hartu eta emaitza interpretatu ahal izango du, profesional baten laguntzarik gabe.

Antigeno testen lagina sudurretik hartu beharko da. Antigorputz autotest serologikoan, berriz, odol lagin txiki bat beharko da testa egiteko. Oraindik positiboentzako protokolo zehatzik ez dagoen arren, Bastidak azaldu du autodiagnostikorako probetan positibo ematen dutenek Osakidetzara jo beharko dutela emaitza egiaztatzeko. "Autodiagnostikoa egiteko test gehienek %98 inguruko espezifikotasuna dute, baina beti dago akatserako tartea. Beraz, emaitza positiboa bada, garrantzitsua da Osakidetzara jotzea, PCR probaz egiaztatzeko".

Protokoloa zehaztea, "ezinbestekoa"

Askotariko iritziak daude gai honen inguruan ere, baina Artetxe-Bastida farmaziakoek begi onez ikusten dute autotestak eskuragarri jartzearen erabakia: "Guri oso ondo iruditzen zaigu; izan ere, jendeak zalantza ugari izaten du. Esaterako, zenbait pertsona botikara etortzen dira esanez eztul pixka bat dutela eta ez dakitela COVID-19a duten edo ez, baina zalantzak zalantza, ez dute PCRa egiten. Horrelako zenbaitetan posible da birusa edukitzea, baina beste zenbaitetan ez. Beraz, onena zalantzak argitzea da, eta horretarako balio dute test hauek".

Hego Euskal Herrian orain jarriko dituzte eskuragarri autodiagnostikoa egiteko testak, baina Europako beste hainbat lurraldetan aspaldi jarri zituzten salgai. "Esaterako, Alemanian, aspaldi jarri zituzten salgai mota honetako testak, eta baliagarriak izan dira. Sintomaren bat izanez gero,  jende ugariko taldeetan elkartu aurretik testa egin daiteke, eta horrela ziurtasunez joan zaitezke hitzordura. Segurtasuna ematen du, nolabait; izan ere, gaur egun jende asko eta asko probarik egin gabe elkartzen da". Dena den, Bastidak dio ezinbestekoa dela positiboen protokoloa zehaztea, eta testa egin eta positibo emanez gero, jendeak zer egin behar duen zehatz-mehatz jakitea.