Hodei Magoaren biharko funtziorako gonbidapenak eskura daitezke oraindik

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 20a, 17:32
Hodei Magoa.

Soreasu antzokian egingo du emanaldia, 19:00etan hasita, uztaileko programazio bereziaren barruan.

Magiarekin hitzordua izango da bihar Azpeitia bizi leloarekin Azpeitiko Udalak eta herriko hainbat eragilek uztailerako prestatu duten kultur eta aisia programazio bereziaren barruan. 19:00etan hasita, Hodei Magoak bere azken lau ikuskizunak uztartuz prestatu duen funtzioa eskainiko du; hasieran emanaldi hori Frontoi Txikian egingo zela iragarri bazuten ere, Soreasu antzokian izango da saioa.

Uztaileko gainerako emanaldi gehienetan bezala, doakoa izango da sarrera bihar, baina ezinbestekoa da joan nahi dutenek aurrez gonbidapena eskuratzea eta sartzerakoan hura aurkeztea, aforo mugatuarekin egingo dutelako saioa. Gonbidapen horiek Interneteko lotura honetan lor daitezke.