Koronabirusa Azpeitian

Beste bost positiborekin, eremu laranjan sartu da berriro Azpeitia

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 20a, 15:02

Asteburu osteko 289,09tik 321,94ra igo da intzidentzia metatuaren tasa. Urola Kostan guztira 47 positibo zenbatu zituen atzo Osasun Sailak, horietatik hogei Zarautzen. Hego Euskal Herrian ere kezkagarria da kasu positiboen hazkundea.

Eremu horiaren eta laranjaren artean dantzan jarraitzen du Azpeitiak. Atzo, bost positibo atzeman zituzten herrian egindako PCR eta antigeno probetan, eta asteburuko datuekin laranjatik horira jaitsi bazen ere, eremu laranjara itzuli da berriro herria, asteburu osteko 289,09tik 321,94ra igo baita intzidentzia metatuaren tasa.

Olatuaren aparrean jarraitzen du Hego Euskal Herriak, baita eskualdeak ere. Atzo beste 47 kasu positibo ezagutu ziren Urola Kostan. Zarautzen izan zituzten astelehenean positibo gehien –hogei guztira–, eta pixkanaka bada ere, gorantz jarraitzen du azken hamalau egunetako intzidentzia tasak han. Gaur gaurkoz, 651,05 puntuko tasa dute eskualdeko herririk handienean. 

Azkoitian, berriz, hamar positibo izan zituzten atzo, eta intzidentzia tasak mila puntuen langa pasatu du: 1.018,11 puntuko intzidentzia tasa dute Urola Erdiko herri honetan. Azpeitian bezala, Zumaian ere bost positibo izan zituzten atzo, eta intzidentzia tasak gora egin du kostako herri horretan ere; 1.221,13ko tasa dute Zumaian, Gipuzkoako altuenetakoa.

Orion lau positibo izan dituzte azken orduetan –554,57ko tasa du herriak–, Zestoan bi eta Getarian bat. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zuten atzo positiborik izan.

Positibotasun tasa gorantz

Hego Euskal Herrian positibotasun tasak gorantz jarraitzen du. Guztira, lau lurraldeetako datuak batuta, 1.753 positibo izan ziren atzo. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, 1.314 positibo izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 11.944 probetan; positibotasun tasa %11ra igo zen atzo. Araban 139 positibo detektatu zituzten, 694 Bizkaian eta 440 Gipuzkoan. Hiru lurralde horietatik kanpoko beste 41 lagunek ere positibo eman zuten atzo.

Ospitaleratuen kopuruak gora egin du: atzo 48 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19agatik Osakidetzaren sareko erietxeetan, eta 44 lagun aurkitzen dira Zaintza Intentsiboetako Unitateetan, bezperan baino bi gehiago.

Nafarroako egoera ere ez da hobea. Nafarroako Gobernuaren Osasun Zerbitzuak emandako datuen arabera, 439 positibo izan ziren atzo egindako 3.087 probetan; positibotasun tasa %14,2koa izan zen. Guztira, 65 lagun daude ospitaleratuta Nafarroako ospitaleetan COVID-19ak eragindako gaixotasunekin, eta 11 ZIUetan.