Lehia estua jokatuta, Jokin Askarayk irabazi du XLI. San Inazio Saria

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 19a, 08:32

XLI. San Inazio Saria jokatu zuten atzo, igandez, kadete mailako 76 txirrindularik. Caja Rural-Ikolan-Beasain taldeko Jokin Ascaray izan zen garaile, baina probaren antolatzaileek foto finish-a eta epaileen lana baliatu behar izan zituzten erabakia hartzeko; izan ere, Ascaray eta Nikola Asensio batera-batera helmugaratu ziren.

XLI. San Inazio Saria jokatu zuten atzo, igandez, kadete mailako hainbat txirrindularik. 16:30ean hasi zen lasterketa Ikasberri Ikastolaren ondotik, eta orotara, 76 txirrindularik parte hartu zuten lehian. Caja Rural-Ikolan-Beasain taldeko Jokin Ascaray izan zen garaile, 53,6 kilometroko ibilbidea ordubete, 21 minutu eta 23 segundotan bukatuta.

Dena den, foto finish-a eta epaileen lana baliatu behar izan zuten garailea zein izan zen argitzeko; izan ere, Ascarayrekin batera helmugaratu zen Nikolai Asensio (Limousin-Oriako). Podiumeko hirugarren postua, berriz, etxean gelditu zen: Atracciones Sanz taldeko Aritz Goenaga sailkatu zen hirugarren, 01:21:41 denborarekin.

Sari banaketa ekitaldia Ikasberri Ikastolako kiroldegian egin zuten, eta lehen hiru sailkatuek jaso zituzten zegozkien sariak. Gainera, taldekako sailkapenean aurrenengo postua Limousin-Oriako taldearentzat izan zen.