Van Aert konpleto bat, eta Cavendish kafe hutsa izotzarekin!!!

Van Aertek ezustea eman du eta garaipen ederra lortu Eliseoko Zelaietan, Mike Teunissen taldekideak Morkov bideratzailearen rola hartuta; Cavendish trenorik gabe geratu da, eta potentzia beteko deman Van Aertek jokoz kanpo utzi du.

Gozoa egongo da Cavendish. Tourreko 35. etapa garaipena lortu, eta historiako marka onena beraganatzeko aukera bikaina zeukan britainiarrak, non eta Eliseoko Zelaietan, txirrindularitzako bihotzean. Ba ezin izan du bere helburua lortu. Eta faktore askogatik. Lehena, Van Aert oso indarsu aritu dela. Atzoko etapa irabazita aho bizarrik gabe bota zuen Parisen esprintean sartuz saiatuko zela etapa irabazten, eta hala izan da. Mike Teunissen taldekidea erabili du bideratzaile moduan, eta Morkov balitz bezala, lan bikaina egin dio, helmugatik 250 metrora Van Aert pedalak astintzen hasteko, bizikleta hautsi beharrean. Beste faktorea Deceunincken huts egitea izan da. Ezin izan baitu beste etapetan bezain ondo prestatu trenoa Cavendishentzat. Ez du bideratzailerik topatu azken kilometroan, eta potentzia dema betean, Van Aertek aise menderatu du Cavendish. Gaur, behintzat, Cavendishentzat kafe huts kaskarra izotzarekin!

Ikaragarria Van Aerten jarduna. Terreno guztietan irabazi du, eta erakustaldiak eman. Mont Ventoux izango da, Portetekin batera, bukatu berri den Tourreko mendate gaiztoena, eta han sekulakoa egin zuen WVAek. Erlojupekoa irabazi zuen atzo, eta Tourreko esprint desiratuena gaur. Zer gehiago eska dakioke, bada? Tabernara joan eta kamareroari Van Aert kafe konpleto bat eskatzea bezala. Galdera bat dago, orain, airean. Tourra irabazteko gaitasunik ba al du Van Aertek, terreno guztietan halako nagusitasuna erakutsita? Batzuek nahiko lukete, besteek ez. Erantzuna jakiteko itxaron egin beharko da urtebete.

Etapak, ohiko legez, ez du zer kontatu handia izan. Schelling, Valgren eta Van Moer izan dira animatzaileak, tropelaren diktadura iraultzen saiatu direnak, baina alferrik. Hamabost urte dira Parisko garaipena esprintean erabakitzen dela, eta zaila da tradizio hori haustea. Kitto 2021eko Tourra. Bihar, pausatuago, atari honetan, analisi sakonagoa, eta Tourreko notak!!!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide