Kristina Gonzalezek eta Iker Lorencek irabazi dute auto klasikoen XVIII. Azpeitia Hiria Rallya

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 18a, 10:31

Giro paregabean eta inoiz baino parte hartzaile gehiagorekin –110 auto– egin zuten atzo Maykel del Cid zenaren omenezko auto klasikoen rallya. Goizetik arratsaldera bitartean bederatzi ibilbide zati egin zituzten, eta 20:30 aldera izan zen sari banaketa epaitegiaren aurreko plazan. Urte luzez txapelaren bila ibili ostean eta atzoko proban pixka bat sufrituta, irabazleek hunkituta jaso zuten saria. 

Kristina Gonzalezek eta Iker Lorencek jantzi zuten atzo, hilak 17, auto klasikoen XVIII. Azpeitia Hiria Rallyko txapela. Bikote irabazleak 1973ko Renault R8 batekin lortu zuen horrenbeste urtez bila ibilitako txapela, eta Gonzalez hunkituta agertu zen sari banaketaren unean. Espero baino lan handiagoa eman zien autoak, baina hala ere lan txukuna egitea lortu zuten. 

Bigarren sailkatu ziren Gorka Bollar eta Joseba Rodriguez, 1988ko Honda CRX ibilgailuarekin. Hirugarren sailkatuak, aldiz, German Gonzalez eta Nekane Balentzia izan ziren, 1993ko Honda Civic batekin.

60 hamarkadako autoen artean, Roberto Mateo eta Manuel Hernandez izan ziren lehenak 1968.ko Volvo 142S batekin. 70 hamarkadako ibilgailuen artean, berriz, Alfredo Knorr eta Jose Javier Atin izan ziren irabazleak, 1973ko Porsche 914arekin. 80 hamarkadako kotxeen artean nagusi izan ziren Ruben Aguinaco eta Pablo Llano 1985eko VW Golf GTI batekin. Zeroetan Iñaki Alberdi eta Izar Aranguren izan ziren nagusi, 1995eko Nissan 200 SX ibilgailuarekin. Eskuderien arloan, aldiz, Maykel del Cid eskuderiak eraman zuen saria. 

Lagun-Artea eskuderiako kideen hitzetan, "arrakastatsua" izan zen atzoko sariketa, eta parte-hartzaileak nahiz antolatzaileak pozik agertu ziren hitzorduak izandako harrerarekin eta sortu zen giroarekin. "Hurrengo urtean gehiago eta hobeto", adierazi dute Lagun-Arteakoek. 

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)