Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finalera sailkatu da Azpeitia

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 17a, 14:00
Senior mailako pilotariak gaurko neurketa hasterako. (Euskal Pilota Federakundea)

Azpeitiko pilotariak 3 eta 0 nagusitu dira Amurrioren kontra jokatutako finalerdian. Zumarragan jokatu dituzte norgehiagokak gaur, zapatua. Finala uztailaren 25ean, igandez, izango da, eta ikusteko dago, Lezama edo Zeanuri, zer herri izango duen aurrez aurre Azpeitiak.

Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finalean izango da Azpeitia. Izan ere, gaur, zapatua, 3 eta 0 nagusitu dira Ilunpeko pilotariak Amurrioren aurkako finalerdietako kanporaketan. 11:00etan hasita jokatu dituzte norgehiagokak Zumarragako Beloki pilotalekuan, eta ezin hobeto hasi dute lehia.

Lehen partidan, kadeteen mailakoan, Odriozola eta Ezama nagusitu dira, Amurrioko Diaz eta Pikatza pilotariak 22 eta 10 mendean hartuta. Bigarren neurketan I. Egigurenek eta J. Labakak ordezkatu dute Azpeitia, eta horiek nagusitasunez irabazi dute: 22 eta 4 hartu dituzte mendean Arauzo eta Salazar. Hirugarren eta azken partidan Alberdi eta Murgiondo kantxaratu dira, eta kanporaketa borobiltzea lortu dute, Arregiri eta Iriarteri 22 eta 16 irabazita. Dena den, Murgiondok ezin izan du partida amaitu, zaintiratua izan duelako gerri aldean, eta haren ordez Larrañaga kantxaratu da.

Datorren asteburuan izango da Euskal Herriko finala Zumarragan, eta Azpeitiak Lezama edo Zeanuri izango du aurrez aurre; izan ere, bigarren finalerdian, bihar, igandea, jokatuko dute bi herri horiek. Finala uztailaren 25ean, igandez, izango da, 11:00etan hasita.

Azpeitiak ekainaren 26an lortu zuen Euskal Herriko Txapelketarako txartela, Gipuzkoako lehia irabazita. Hain zuzen ere, 2 eta 1 nagusitu zen Azpeitiko taldea Oiartzunen kontra jokatutako finalean. Zortzigarrenez jantzi dute Azpeitiko pilotariek Gipuzkoako Herriarteko lehiako txapela. Gipuzkoako txapelketa irabazita, Azpeitiak lautan lortu du Euskal Herriko Herriarteko txapela. Hain zuzen ere, 2008an2015ean2017an eta 2018an.