Txikia IV.ak eta Atutxa II.ak irabazi dute Binakako Aizkolari Txapelketaren lehen edizioa

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 17a, 10:25
Atzoko txapelketan parte hartu zuten aizkolariak. (Sherpa.ai)

Izarraitz pilotalekuan izan zen lehia, atzo gauean. Lehen mailako faboritoek ez zuten hutsik egin, eta haientzat izan ziren lehiaren lehen edizioko txapelak. Promozio mailan Kañamares eta Pellejero nagusitu ziren, eta emakumeetan, Zelai III.a eta Ansorregi.

Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Aitzol Atutxa Atuxa II.ak irabazi dute Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusiaren lehen edizioa. Atzo, ostiralarekin, jokatu zuten lehia Izarraitz pilotalekuan, eta faboritoek ez zuten hutsik egin; izan ere, bigarren sailkatu zen bikoteak baino ia minutu bat gutxiago behar izan zuten horiek lanak bukatzeko.

Txikia IV.ak eta Atutxa II.ak 39 minutu eta 49 segundo behar izan zituzten zortzi kanaerdiko, 60 ontzako sei enbor eta lau oinbiko mozteko. Iker Vicentek eta Azurmendik, berriz, 40 minutu eta 44 segundo. Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertza sailkatu ziren hirugarren (43:44) eta Mikel Larrañaga eta Jesus Mari Mujika (45:09) laugarren. Bosgarren, berriz, Jon Irazu eta Jon Rekondo izan ziren, lanak 47 minutu eta 9 segundotan bukatuta.

Lehen mailako txapelketa ez ezik, promozio mailakoa eta emakumeena ere izan ziren atzokoan. Orotara, hamabi bikotek parte hartu zuten horietan guztietan: bostek lehen mailan, lauk promozio mailan eta hiruk emakumeetan. 24 aizkolarien artean Orbaitzetatik, Iratiko oihaneko bihotzetik, eramandako hamabi tona egur ebaki zituzten.

Ezustekorik ez

Lehen mailan nola, promozio mailan hala; ezustekorik ez zen izan lehia horretan ere. Julen Kañamaresek eta Asier Pellejerok irabazi zuten txapela. Lau bikote aritu ziren nor baino nor, eta horiek lau kanaerdiko, 60 ontzako hiru eta bi oinbiko enbor moztu behar izan zituzten. Erronka parekatua izan zen, baina azken bi enborretan aurrea hartu zuten Kañamaresek eta Pellejerok.

Horiek 20 minutu eta 59 segundotan amaitu zituzten lanak, eta bigarren sailkatuek, Eneko Saralegik eta Aratz Mugerzak 21 minutu eta 45 segundotan. Hirugarren, berriz, Larrea III.a eta Zelai IV.a izan ziren (22:10), eta laugarren Jauregi eta Eloy Corchero (22:21).

Emakumeen txapelketaren lehen edizioko garaileak Zelai III.a eta Ansorregi izan ziren. Horiek 12 minutu eta 17 segundotan ebaki zituzten bi oinbateko eta 45 ontzako bi enbor. Lehen enborretik aurretik izan zen bikotea, eta beraz, ez zen ezusterik izan atzokoan. Bigarren Tanco eta Maika saikatu ziren (13:05), eta hirugarren Arruti eta Julia (18:06).

Erlazionatuak

Txapelketa irudietan

Julene Frantzesena 2021 uzt 17 Azpeitia