Joxin Aizpuru 'Aizpuru III'.a: "Asko sufritu nuen partidan, baina lortutakoarekin gustura nago"

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 17a, 09:07
Joxin Aizpuru. (Oriamendi)

Lehen mailako aurreneko txapela jantzi berri du Joxin Aizpuru Aizpuru III.a (Azpeitia, 1993) erremontistak. San Fermin torneoa irabazi zuen asteazkenean, Javier Urriza bikote zuela, Ansa II.a eta Larrañaga mendean hartuta. Uztarria.eus-ekin hitz egin du Aizpuru III.ak.

Lehia estua jokatuta, San Fermin torneoko txapela etxera. Gustura al zaude?

Bai, oso gustura. Asko sufritu nuen partidan, baina lortutakoarekin gustura nago. Tentsio handiarekin irten nuen kantxara; izan ere, azken aldian Urrizarekin jokatzen duten pilotari guztiek txapela janzten dute. Harekin jokatuta galduz gero, zure errua dela sentitzen duzu; eta irabaziz gero, berriz, normala dela, harekin aritu zarelako. Presioa eragiten du horrek. Dena den, gustura nago, ez dakidalako sufritzen; etsi egiten dut askotan. Finalean, baina, sufritu eta sufritu, irabazi egin genuen.

Nola sentitu zinen kantxan?

Duela hilabete batetik edo, joko oso gutxirekin sentitzen dut nire burua. Binakako Txapelketako finalera, adibidez, une oso onean iritsi nintzen, nahiz eta galdu egin genuen Urrizaren eta Labakaren kontra. Orain pixka bat baxuago nago; denbora gutxiago daukat-eta entrenatzeko. Gainerakoan, Larrañagak izugarrizko partida egin zuen, eta ni pixka bat pattalago aritu nintzen, baina Urrizak presioa sartzen dio aurkariari, eta...

Ibilbideko lehen txapela izanik, zer sentitu duzu? 

Arantza puxka bat kendu dut. Urriza jarri zidaten bikote San Fermin txapelketan, eta daukadan pena da behin hura jarri bikotekide eta ni ez egotea hain maila onean. Ondo nagoenean edozeini aurre egiteko gai naiz, baina tira, hala beharko zuen. Nola edo hala, baina irabazi egin dugu, eta horrek balio du lehian.

Balio izan al dizu Binakako Txapelketako finala galdu izanaren arantza kentzeko?

Bai. Orduan Ansa II.arekin aritu nintzen Urrizaren kontra, eta oraingoan Urrizarekin aritu naiz Ansa II.aren aurka. Ansak eta biok txapelik ez genuen, eta biok nahi genuen San Fermin txapelketakoa janztea. Tanto baten aldeagatik, nik jantzi nuen.

Zaleak itzuli dira pilotalekuetara. Sentitu al zenuen haien beroa?

Giro ederra sortu zen. Gazte dezente joan zen, eta alde horretatik gustura nago. Partida, gainera, zirraragarria izan zen; beno niretzat ez, asko sufritu nuelako, baina jendeak esan zigun partida ederra izan zela eta gustura zirela ikusitakoarekin. Lau pilotariok gustura egoteko moduan garela uste dut; partida gogorra izan zen. Neurketa osoan pixka bat aurretik joan ziren Ansa II.a eta Larrañaga, eta azken tantoan huts egin zuen Ansa II.ak. Halako partidetan, horrelako detaileek sortzen dute bi bikoteen arteko desberdintasuna.

Txapelketa guztietan parte hartzen ari zara. Zer moduzko unea ari zara bizitzen?

Pertsonalki, kantxan eta kantxatik kanpo lasaiago nabil; gauzak hobeto egiten, buru gehiago erabilita eta maite ditudan pertsonei kasu eginez. Satelite samarra izan naiz, eta horrek kantxan ere eragiten zidan: galtzen ari banintzen neure buruarekin, aurkariekin eta publikoarekin, denekin haserretzen nintzen. Oraindik beroa naiz kantxan, baina gauzak pixka bat kontrolatzen ikasi dut, oraindik erabat kontrolpean ez baditut ere. San Fermin torneoko finalean kaka dariola jokatu nuen, baina oro har, lasaiago sentitzen naiz kantxan.

Zer helburu duzu aurrera begira?

Hortxe jarraitzea eta hobetzea. Bestalde, ea gehiago entrenatzeko aukera izaten dudan; izan ere, pilotariak puntuan egoteko bi entrenamendu behintzat egin behar ditu pilotalekuan, eta aparte, entrenamendu fisikoak ere bai. Finalaren atariko bi asteetan, adibidez, behin bakarrik hartu ahal izan nuen zesta, eta... Jendea, eta batez ere gazteak, frontoira joatea eta erremontea zabaltzea nahi dugu.

Aita ere erremontista zenuen. Nolako egurretik, halako ezpala?

Aita erremontista handia izana da: 25 urtez aritu zen erremontean, eta buruz buruko eta binakako txapel batzuk baditu. Beti maila ona eman du, bukaerara arte. Orduko eta oraingo erremontisten artean bada alde nabarmen bat: haiek diru asko irabazten zuten, eta guk oso gutxi. Zatarkeria ematen du horrela esanda, baina diru asko irabazten baduzu, gehiago saiatzen zara; miseria bat kobratzen baldin baduzu, lana egin behar duzu eta aparte erremontean aritu. Ni, adibidez, tabernan ari naiz orain lanean. Dena den, uste dut lana eginez eta pilotan jokatuz, ederki moldatuko naizela.