Datorren asteko kultur eta aisia ekitaldietarako gonbidapenak eskuragarri jarri dituzte

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 16a, 14:22
Bandaren pasodobleen 2019ko kontzertuko irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

Asteartetik ostirala bitartean Azpeitia bizi leloarekin antolatutako programazioaren barruko hainbat hitzordu izango dira. Horietako gehienetan, parte hartu nahi dutenek gonbidapenak eskuratu beharko dituzte, eta horiek Interneten hartu daitezke dagoeneko.

Azpeitia bizi kultur eta aisia programazioaren barruko hainbat ekitaldi gauzatuko dituzte datorren astean, eta horietarako gonbidapenak eskuragarri jarri dituzte dagoeneko Interneten.

Uztailaren 20tik 23ra, haurrentzako jolas parkeak, magia ikuskizunak eta musika emanaldiak aukeran izango dituzte herritarrek. COVID-19aren kontrako prebentzio neurriak betetzeko, aforo mugatua izango dute ekitaldiek, eta gehientsuenetan ezinbestekoa izango da aurrez gonbidapenak eskuratzea.

Gonbidapenak eskuratzeko

Asteartean, hilak 20, goiz eta arratsalde umeentzako jolas parkeak martxan izango dira Betharramen eta Perdillegin. 3 eta 10 urte artekoentzako jolasak Betharramen jarriko dituzte, eta 10 urtetik gorakoentzakoak, berriz, Perdillegin. Gune bakoitzerako ordu eta erdiko bosna txanda finkatu dituzte. Pertsona bakoitzak txanda bakarra aukera dezake; gonbidapenak haurrentzako dira, haiekin joango diren gurasoek ez dute gonbidapenik behar. Gune bakoitzeko txanda bakoitzerako sarrerak ondoko esteketan har daitezke:

Betharrameko jolas parkea (3-10 urte artekoentzat)

Perdillegiko jolas parkea (10 urtetik gorakoentzat)

Asteazkenean, hilak 21, Hodei magoak ikuskizuna eskainiko du Soreasu antzokian, 19:00etan, eta gonbidapenak hemen eskura daitezke.

Ostegunerako, hilak 22, hiru ekintza antolatu dituzte Azpeitia biziren barruan. Goizean, 11:30ean hasita, hondarrezko eskulturen tailerra egingo dute plazan, baina bertan parte hartu nahi dutenek ez dute gonbidapenik aurkeztu beharko. Arratsalde-iluntzean, berriz, musikak hartuko du plaza, bi kontzerturekin, eta horietarako bai beharko dela gonbidapena: 19:30ean hasiko da Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Banda Gazteak eskainiko duten saioa (gonbidapenak, hemen): eta 21:30ean, pasodobleen kontzertua eskainiko du Udal Musika Bandak (gonbidapenak, hemen).

Broken Brothers Brass Band taldeak ostiralean, hilak 23, emango duen kontzertua izango da datorren asteko egitarauaren azken hitzordua. Sanagustinen joko dute nafarrek, 20:00etan hasita, eta kontzertu horretarako sarrerak Kulturazen webgunean erosi behar dira.