Salbuespenezko espetxe politika aldatzea eskatzeko manifestazioa deitu du Sarek ostiralerako

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 17a, 11:06
Sarek deituta urtarrilean Azpeitian egin zen manifestazioko irudia.

Ibilian-Ibilian, etxerako bidean lelopean egingo dute manifestazioa, 19:00etan plazan hasita. Salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko eta bizikidetzan aurrera egiteko herritarren bultzada "ezinbestekoa" dela azaldu du Sarek.

Sarek udan martxan jarritako kanpainarekin bat eginez, Azpeitiko dinamikak presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko manifestazioa deitu du ostiralerako. Ibilian-Ibilian, etxerako bidean lelopean egingo dute manifestazioa, 19:00etan plazan hasita.

Salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko eta bizikidetzan aurrera egiteko herritarren bultzada "ezinbestekoa" dela azaldu du Sarek: "Honaino iritsi bagara, horri esker izan da. Baina aurrera egiten jarraitzeko, bidea elkarrekin egiten jarraitzeko, euskal gizartea gonbidatu nahi dugu bidea elkarrekin egitera".

Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika aldatzeko, ihes egiten uzterik ez dagoen unea dela uste du Sarek. Era berean, presoak Andaluziako espetxeetatik lekualdatu izana eta Madril eta Euskal Herria arteko kartzeletara eraman izana "urrats garrantzitsua" izan dela adierazi du Sarek.

Gaur egun bi dira preso diren azpeitiarrak: Gotzon Aranburu eta Josu Urbieta Pow. Aranburu Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxetik Dueñaseko (Palentzia, Espainia) kartzelara lekualdatu zuten apirilean, eta Pow, berriz, Mont de Marsango espetxean dago preso.