Koronabirusa Azpeitian

Azken astean 29 positibo zenbatuta, eremu laranjan igaroko du asteburua Azpeitiak

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 16a, 13:27

Astebetean Azpeitian atzemandako kasu positiboen kopuruak gora egin du, eta herriak eremu laranjaren barruan jarraituko du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur kaleratutako koronabirusaren inguruko datuen txostenaren arabera. Joan den ostiraletik, 29 kasu positibo zenbatu dituzte herrian. Hego Euskal Herrian, guztira, 1.967 positibo atzeman zituzten atzo, aurreko astean baino mila gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu du aste honetako koronabirusaren datuen inguruko herriz herrikako azken txostena, eta haren arabera, Azpeitian lau positibo atzeman dituzte atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno probetan. Azken astebetean positibo kopuruak gora egin du herrian, eta ondorioz, baita intzidentzia tasak ere; joan den ostiraletik atzo arte 29positibo detektatu zituzten Azpeitian –hemezortzi positibo aurreko astean–. Horrenbestez, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa edo intzidentzia tasak 300eko langa gainditu du aste honetan berriz ere. 210,25ekoa zen joan den astean tasa, eta 308,80koa da egun; eremu horitik laranjara pasatu da Azpeitia, beraz.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, 48 positibo atzeman zituzten atzo. Herenegun baino kasu gutxiago dira —62 izan ziren orduan—; halere, eskualdeko herrietako intzidentzia tasek gora egiten jarraitzen dute. Positiborik gehien Azkoitian eta Zarautzen atzeman dituzte, hamazazpi eta hamasei, hurrenez hurren. Azkoitian azken bi egunetan nabarmen egin du gora 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak, eta gaur-gaurkoz, 717,68koa da tasa. Zarautzen ere egoera ez da askoz hobea; izan ere, 462,49tik 513,98ra igo da intzidentzia tasa, eta eremu gorrian jarraitzen du.

Bestalde, Zumaian zortzi kasu hauteman zituzten atzo, eta uneotan 1.119,37ko tasarekin Urola Kostako intzidentziarik altuena duen herria da. Positiboak atzeman dituzten beste herria Aia izan da. Bi kasu izan ziren atzo han, eta 352,64koa da tasa. Gainontzeko herrietan, berriz, ez da kasu berririk izan, eta honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: Aizarnazabalen 390,12, Beizaman hutsa, Getarian 282,69, Orion 407,70 eta Zestoan 282,49.

Ospitaleetako presioa, gora

Hego Euskal Herrian ere egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Atzo, guztira, 15.872 PCR eta antigeno test egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 1.967 izan ziren positibo eman zutenak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien (672), eta ondoren, Nafarroan (622), Gipuzkoan (482) eta Araban (163). Positibotasun tasari dagokionez, %11,3 da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, berriz, %15,6.

Ospitaleetako presioak ere nabarmen egin du okerrera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 157 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik 31 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 40 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik hamar daude ZIUetan.