Hausnarketa abiapuntu duten diziplina ugaritako zortzi proiektuk jasoko dute Sorkuntza Beka

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 16a, 17:48
Kulturaz kooperatibako eta udaleko ordezkariak nahiz beka jasoko duten sortzaileetako batzuk, Dinamoan. (Maialen Etxaniz)

Hogeita bi proiektu aurkeztu dituzte 2021eko Sorkuntza Beketara, eta horietatik zortzik jasoko dute beka; bi sormen egonaldiak izango dira. Saritutako proiektu gehienek gizarte gaiei lotutako hausnarketa dute abiapuntu. Besteak beste, emakumeen lana, etxebizitzaren auzia, gizartearen erritmo azkarra eta egurrari emandako trataera, euskararen funtzio eta baliogarritasuna eta materialaren berrerabilpena. Fanzineak, ipuin-bildumak, irudi xilografikoak eta serigrafikoak, performancea, argazki serieak eta ilustrazioak izango dira emaitzetako batzuk. 

2016an jarri zituzten martxan Sormen Bekak, eta ordutik asko izan dira urtez urte deialdietara aurkeztu diren talde eta norbanakoak. Aurten goia jo dute bekek, eta inoiz baino proiektu gehiago aurkeztu dituzte deialdira; hogeita bi proiektu, hain zuzen. Dagoeneko banatu dituzte Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak sustatutako bekak, eta aurtengo edizioan diziplina desberdinetako zortzi proiektu lagunduko dituzte diruz. Guztira, 20.000 euroko partida bideratu dute Sormen Beketara, kultur sorkuntza hauspotzea helburu. 

Bi egonaldi, sei prozesu

Zortzi dira udalak eta Kulturazek lagunduko dituzten proiektuak, baina horiek guztiek ezaugarri desberdinak dituzte. Hautatuak izan diren bi egitasmo sormen egonaldien modalitatera aurkeztutakoak dira, eta gainerakoak sormen prozesuen modalitatera aurkeztutakoak. Hona hemen proiektuen nondik norakoak:

  • Haratago, Mikel Ruiz Pejenaute

Sormen egonaldien modalitatean aurkeztu du Haratago proiektua Mikel Ruizek, eta Dinamoako serigrafia tailerrean lanean egoteko aukera emango dion egitasmoa dela dio. Ruizek hiru urte inguru daramatza serigrafia teknikarekin lanean, "serigrafikoak diren irudiak ebazten". Haratago izeneko proiektua azken urteetan egindako lanaren jarraipena izango delakoan dago; baina serigrafiako tailer profesional batek eman diezazkiokeen baliabideak kontutan hartuta eta proiektua gauzatzeko jasoko duen diru laguntza bide, "iruditegi pertsonal horretan aurrerapauso ezberdinak" eman ditzakeela ikusten du: "Etxeko tailerrak eta horren mugak, irudi mota konkretu batzuk eraikitzera behartzen nau. Lan esparrua aldatuz, ordea, eta bertako instalakuntzen abantailez baliatuz, erronka handiagoak ebatzi ahal ditudala susmatzen dut". 

Era berean, Ruizek dio erakarrita sentitzen dela “urbanoa” izan daitekeen iruditegi bisualarekin edo estetikarekin, baita horrek “kaleko” kulturarekin duen harremanarekin ere: graffitiak, “pintadak”, pegatinak, kartelak, monogramak, tribu urbanoak...  "Nire egin edo irakurketa berri bat ematen diet zenbait iruditegi kolektiboko hainbat sinbolori", gaineratu du.

  • Hatz bat luzatzea, desiratzea da, Gari Aranbarri.

Gari Aranbarri azkoitiarrak ere sormen egonaldia egingo du Dinamoan, Hatz bat luzatzea, desiratzea da izeneko proiektua gorpuzteko. Hain zuzen, gorputza du abiapuntu Aranbarriren lanak. Hark azaldu duenez, bere proiektuaren helburua da "gorputzarekin afektibitatea nola erakusten den" aztertzea; "afektibitatea gestuen bidez nola erakusten dugun ikusaraztea". Aranbarrik azaldu duenez, "abiapuntu literarioa eta idatzizkoa" du bere proiektuak, baina irudiak ere badu zerikusirik; izan ere, argazki batzuk aztertu ostean eman zion hasiera proiektuari. Gai horretan oinarrituta, performance bat egingo du Azkoitiko sortzaileak. Dinamoan arituko da lanean, eta azpeitiar sortzaileekin elkarlana bilatuko du.

  • Ez esan, Maialen Akizu.

Maialen Akizu urretxuarrak "hizkuntzaren performatibitatea landuz" ipuin-bilduma bat egitea du helburu. “Nola nabari zaio kultur sorkuntzako lan bati bere testuingurua? Eta galdera inbututik pasata, nola nabari zaio literatura lan bati, 2021ean idatzia izan dela? Lanari berari, orriari, hitzari, nabari al zaio?", hausnartu du Akizuk. Gainera, badu kezka bat, eta horretatik ere abiatu da proiektua garatzerakoan:  "Kezkatzen nau euskararen funtzio eta baliogarritasunak, eta iruditzen zait pandemiak hizkuntzan izan duen eraginari apenas erreparatu diogula”. Akizuk uste du fikzioak horretarako aukera eskaintzen duela. “Edukiaren aldetik bizitzen ari garen monotonia eta zaratan sortu diren imajinario eta istorioei heldu nahi nieke”, azaldu du urretxuarrak.

  • Artez Artilez, Maider Azurmendi.

Artez Artilez proiektua aurkeztu du Maider Azurmendi azpeitiarrak Sormen Beketara, eta eskultura izango du oinarri. Azurmendiren arabera, hark lan egiteko duen moduarekin du lotura Artez Artilez proiektuak. “Material desberdinak erabiltzea atsegin dut, eta horiek elkarrekin landuz, artikulatuz osotasun bat bilatzen dut. Prozesuari garrantzia handia ematen diot”, adierazi du azpeitiarrak. Oraingoan, "kasualitatez" esku artera iritsi zaion material baten, artilearen, gaineko hausnarketa egin du, eta hortik abiatu du proiektua. “Artzainek tonaka artile botatzen dute urtero, eta, izatez, oso material interesgarria da; lantzeko aukera ugari eskaintzen du, besteak beste, duen testuragatik eta. Gainera, baserritarrek hori botatzeagatik ordaindu egiten dute, eta uste dut beste gauza askotarako erabil daitekeen materiala dela. Beraz, artearen bitartez, gai hori bisibilizatu nahi dut”. 

  • Zuhaitzak, Aitor Goenaga.

Aitor Goenaga azkoitiarrak Zuhaitzak izena jarri dio proiektuari, eta proiektu horrek ere badu hausnarketatik. Goenagak azaldu duenez, asko ibiltzen da mendian, lasterka, erlojuari eta GPSari begira. Basoan galduta zebilen egun batean izandako burutazio bat du abiapuntu Zuhaitzak proiektuak: mendian zebilen egun batean ondoezak eman zion, eta basoko harri batean eserita zegoela, basoak sortzen zion zirrara “benetan berezia” zela ohartu zen. Hortaz jabetuta, kamera digitala hartu eta basoari argazkiak ateratzen hasi zen, baina ohartu den kamera digitalek ez dutela basoaren abiadura berdinean lan egiten; basoak beste patxada bat behar duela. Horretaz jabetuta, basoaren irudiak argazki kamera analogikoarekin egitea erabaki zuen, eta hor kokatzen da Goenagaren proiektua eta hausnarketa: “Basoan denborak ez du gure gizartean bezala funtzionatzen, dena askoz motelago doa". Arbolek eta basoek duten bizia erakutsi nahi du argazki proiektuaren bitartez, baina ez hori bakarrik. Gaur egungo "bizitza kapitalista, kontsumistan egurrari eman zaion erabilera edo bizi maila txarra" ere erakutsi nahi du Goenagak. Horretarako, Azkoitiko eta Azpeitiko basoetara arteko bidea argazkietan jasoko du, era analogikoan eta kadukatutako pelikulak erabiliz. "Erakutsi nahi dudana da basoek badutela bizia, eta agian bizi eredua birpentsatu beharra dagoela". 

  • Puzle, Joseba Agirrezabalaga eta Alaitz Alberdi.

Bi azpeitiarrek gauza berriak eta tekniken arteko uztarketak probatu nahi dituzte Puzle izeneko proiektuan. “Xilografia batzuk egiten hasi ginen. Xilografiak egiteko torkulo batzuetatik pasatu behar izaten da egurra, eta torkuloak zuen tamainagatik ezin genituen irudi handiak egin. Beraz, irudiak zatitzen hasi ginen. Hori egin eta gero, irudi handiak egitea baino, zatitzea gehiago gustatu zitzaigula ohartu ginen. Sormen Beka baliatuz hori berrartu nahi dugu, eta puzzle moduko irudi gehiago egin xilografia, pintura eta beste teknika batzuk nahastuta”.

  • Dam-uak, Intza Larrañaga eta Sara Etxeberria.

Sara Etxeberria eta Intza Larrañaga Arte Ederren graduko ikasleak dira, eta emakumeen lana oinarri izango duen Dam-uak izeneko egitasmoa sortuko dute. Zehazki, fantzineak egingo dituzte. Gaur egun zer atsegin duten saltseatzen dabiltza oraindik, baina interesa pizten dieten gai jakin batzuen inguruko lau fanzine sortzeko asmoa dute Dam-uak proiektuan. Etxeberriak azaldu duenez, sortuko duten proiektua emakumeen arteko elkarlanaren bitartez egitea nahi dute: "Azpeitiko sortzaile, artista, bertsolari, idazle… eta bestelakoekin lan egin nahi dugu”. Azpeitiko artista gazteekin lan egin ez ezik, beren edukiak ere sartuko dituzte, hala nola komikiak, elkarrizketak... Era berean, emakumeen jarduna ikusaraztea ere nahi dute, hala nola nekazariena edo artisauena. 

  • Habitat, Zorione Mendez Martin.

Etxebizitzaren inguruko azterketa, ikerketa eta hausnarketa egingo du Zorione Mendez oriotarrak Habitat izeneko proiektuan. Ilustrazioan edo marrazketan aritutakoa da, serigrafian nahiz grabatuan, eta teknika desberdinak erabiliko ditu proiektuan zehar. Dudan jarri nahi ditu egoera eta sentipenak. “Ikuspuntu feministarekin, nitasunetik hasita nahiz gorputza kanal gisa hartuta, zerbait intimoa izatetik kritika sozial bat egitea lortu nahi dut", azaldu du. "Kontrajarri nahi ditut gure pribilegioetatik abiatuta, ondo edo eroso bizi garen pertsonen eta kontrako egoeran bizi direnen egoera. Horretarako instalazio moduko zerbait egingo dut. Proiektuak prozesu asko ditu, eta ez dakit noraino iritsiko naizen, baina nahiko nuke liburuxka bat ere osatzea, jendearen iritziekin eta". Martinek azaldu duenez, pandemia garaian izandako hainbat gertakari eta ezbeharrek eragindako gogoetatik abiatuta egingo du hausnarketa eta proiektua.

Sortzen jarraitzeko deia 

Hogeita bi proiektutatik zortzi soilik aukeratu behar izan dituzte, eta aukeraketa hori "zaila" izan dela adierazi dute Ainara Larrañaga zinegotziak eta Kultuz kooperatibako Aitor Bengoetxeak; dena dena, sortzaile guztiei deialdira animatzeagatik "eskerrak" eman dizkiete, eta sortzen jarraitzera animatu nahi izan dituzte. 

Era berean, Bengoetxeak nahiz Xabier Gantzarainek sortzaileei Dinamora bertaratzeko deia egin diete: "Ez egon Sorkuntza Beken zain, nahi duzuenean etorri etxe honetara, ongi etorriak izango baitzarete; ateak zabalik daude". Gainera, azpimarratu dute sortzaileek ematen dietela zentzua Dinamoari, eta pozgarria dela gero eta sortzaile gehiagok proiektuak aurkeztea 2016an sortutako beketara.