Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko bi emanaldi izango dira abuztuan Loiolako Basilikan

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 16a, 10:53
Tetraphilla Ensemble seikotea. (Donostiako Musika Hamabostaldia)

Organo Zikloaren barruan, Giampaolo di Rosaren kontzertua izango da abuztuaren 3an, 20:00etan hasita. Bestalde, Musika Aitzaki atalaren barruan, Tetraphilla Ensemble seikotearen kontzertua izango da abuztuaren 19an, 19:30ean hasita. Dagoeneko eskura daitezke gonbidapenak Azpeitiko Udalaren Kultura Sailean.

Abuztuan zehar Donostiako Musika Hamabostaldiaren 82. edizioa izango da, eta aurten, bi emanaldiz gozatzeko aukera izango da Loiolako Basilikan.

Alde batetik, Organo Zikloaren barruan Giampaolo di Rosa organo-jotzailearen kontzertua izango da abuztuaren 3an, asteartea, 20:00etan hasita. Besteak beste, Sweelinck, Seixas, Bach eta Mendelssohn konpositoreen lanak izango dira entzungai emanaldian. Bestetik, Musika Aitzaki atalaren barruan Tetraphilla Ensemble seikotearen Ad Maiorem Dei Gloriam emanaldia izango da, abuztuaren 19an, osteguna, 19:30ean hasita. Ander Telleria akordeoi mesotonikoarekin arituko da, Anna Margules flautarekin eta Jorge Apodaca baxuarekin. Emanaldian Vanesa Garcia sopranoa, Elena Ruiz mezzosopranoa eta Cesar Polo tenorra ere izango dira.

Bi emanaldiotarako gonbidapenak eskuragarri daude dagoeneko Azpeitiko Udalaren Kultura Sailean —943-15 70 68 telefonora deitu beharko da—, eta uztailaren 28a izango da horiek lortzeko azken eguna. COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, mugatuta egongo da Loiolako Basilikako edukiera; beraz, beharrezkoa izango da txartelak aurrez eskuratzea. Pertsonako gehienez ere lau sarrera hartu ahalko dira.