XXI. mendeko kanibala jaio da

Tadej Pogacar. (┬ęSport)

Tadej Pogacarrek irabazi du Luz Ardidenen, eta hankapean ibili aurkari guztiak, halakorik erakusteko behar handirik ez zeukanean; etorkizunak epaituko du, bere egungo jarrera berekoia; podiuma ez da aldatu, eta Pello Bilbaok bederatzigarren postuan bukatuko du Tourra.

"Irabaz ba dezake, zergatik ez du egingo? Zuk ez al zenuke egingo?". Galdera horiek entzungo dituzu maiz Tadej Pogacarrek Luz Ardidenen emandako erakustaldia gehiegizkoa iruditzen bazaizu. Sobera zegoela uste baduzu. Ez baitzeukan inolako beharrik halakorik egiteko. Atzo, Portetera bidean bere taldeak lan handia egin zuen etapa irabazteko, eta liderrak berak nahi zuen erlojupekoa ez zen etapa bat irabazi, taldeari euren lana eskertzeko. Ba lortu zuen, baina gaur, taldekideek lan askoz txikiagoa eginda, aurkariak txikitu ditu igual-igual. Hutsaren hurrengo bailira sentiarazi ditu, eta ez du ogi papurrak ere oparitzeko batere asmorik erakutsi. Kanibala da, dena irabazi nahi du, baina izaera horiek luzera kaltegarriak izan daitezke. Etxean daukagu adibide onena, Miguel Indurainekin. Nafarrak nagusitasun ikaragarria erakutsi zuen 1991-1995 bost urtekoan, baina txapeldun eskuzabala izan zen, aurkariei palmaresa loditzeko aukera ematen ziena. Pogacarrek, momentuz, ez. Tourra aspaldiko diferentzia handienarekin irabaziko du, hiru etapa, mendia eta gazteenaren sailkapena. Eta 22 urte ditu.

Pirinioetako azken etapak zeresana eman du. Bukaeran espero zen gidoia izan du, baina hasieran aho bete hortz geratzeko moduko egoerak eman dira. Mohoric eta Alaphilliipe sartu dira eguneko ihesaldian. Mohoric Bahreingoa, baina bere taldea tropeletik tiratzen. Ulertezina. Zergatik egin duten eurek azaldu beharko dute, akaso Poelsek Tourmalet gainean ahalik eta puntu gehien batzea zen asmoa, baina laugarren izan da eta Pogacarrek ondoren Luz Ardidenen 40 puntu jaso eta Bahreinen akatsa zigortu du asko. Gaudu berak ere txaloak merezi ditu, ausart jokatu baitu, Madouas taldekidearen eskutik Tourmaleten ihes eginda. Minutuko aldearekin pasatu da gainetik, baina Ineosek saiatu egin nahi zuen Carapazekin, azken aukera, eta jazarpen lana egin du. Alperrik, ostera Pogacarrek Carapaz txikitu egin baitu.

Txaloak, era berean, Pello Bilbaori, bederatzigarren momentuz sailkapen nagusian, Rigo Uranek sekulako txakalaldia jasan baitu. Gernikakoak minutu eskasera du zortzigarren postua, Gillaume Martin, eta 33 kilometroko erlojupekoa dagoenez etzi, Bilbaok badu aukeraren bat postutxo bat hobetzeko nagusian. Bihar 19. etapa korrituko da, laua, Mourens-Libourne, 207 kilometro luze. Cavendishen 35.a iritsiko al da?

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide