KRONIKA

'Udako musika printzak': Emanaldi dotore eta ederra, leku berezian

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 15a, 18:28

Ignacio Arakistainek, Garazi Navasek, Maria Martinek eta Peio Irigoienek kontzertua eskaini zuten atzo gauean Basazabal jauregiaren atarian. Musikaz jantzi zen jauregia; dotore, eta bertaratutakoek zein musikariek gogotik gozatu zuten. Arakistainek aspalditik zuen begiz jota Basazabal, kontzertuak eskaintzeko leku ederra dela iruditzen baitzaion. Aurrerantzean ere askotariko ekintzen geltoki izatea nahiko lukeela dio.

Dotore jantzi zen atzo gauean Basazabal jauregiaren ataria Udako musika printzak izeneko emanaldia bertan hartzeko: etxaurrea argiztatuta, atariaren alde banatan jendea, eta erdian pianoa eta akordeoia. 21:00ak pasatxo entzun ziren Garazi Navasen akordeoiaren lehen notak. Haren atzetik irten zen Ignacio Arakistain, pianoaren tekletan galtzeko gogoz. Navasek eta Arakistainek Ezust Duo taldea osatzen dute, baina atzokoan ez ziren bakarrik aritu; haien ondoan izan ziren Maria Martin eta Peio Irigoien, ahotsa eta txistua, hurrenez hurren.

Jarritako aulkiak jendez bete ziren, eta herritar ugari eseri zen ibaiaren ondoko pretilean, Azpeitia bizi! egitarauaren barruan antolatutako kontzertuaz gozatzeko. Emanaldiaren berri izan gabe Basazabal aurretik igaro eta ikusitakoarekin txundituta gelditu zirenak ere baziren atzokoan. Haiek ere ibai ertzean hartu zuten leku. Beste batzuek, aldiz, jauregiaren balkoietatik ikusi zuten emankizuna. 

Basazabalen egonagatik, munduko hainbat txokotara bidaiatu zuten entzuleek, lau musikariek han-hemengo konposatzaileen obrak edo horien zenbait zati eskaini baitzituzten ordubete pasa iraun zuen emanaldian. Besteak beste, Yann Tiersen La Dispute (Amelie filmeko soinu-bandatik), Astor Piazzollaren Invierno porteño, Richard Gallianoren Moderato malinconico,  Pablo Sorozabalen Siete lieder vascos –Ametsetan,  Ez dot zinesten eta Lotoren lorak–, Jesus Guridiren Diez melodias vascas –Asiko naz, Aritz adarrean, Garizuma luzerik eta Ala baita– , Antonio Vivaldiren Txirularako Kontzertua Do menorrean eta Xabier Leteren Jardin bat zuretzat izan ziren entzungai. Lau musikariek elkarrekin eman zioten amaiera ikuskizunari, hiru euskal kanta eskainiz; hain zuzen, Nere herriko neskatxa maite, Xalbadorren heriotzean eta Lau teilatu.

Beste ate bat ireki zaio kulturari

Arakistainek kontzertua hasi eta denbora gutxira hartu zuen hitza aurrenekoz, emanaldira bertaratutakoei nahiz Kulturaz kooperatibari eskerrak emateko. Une hori aprobetxatu zuen kontzertuaren nondik norakoak eta zergatiak azaltzeko, eta aitortu zuen sarritan imajinatutako zerbait zela Basazabalen kontzertua eskaintzearena: "Toki berezi eta paregabea da Basazabal, eta aspaldidanik nuen bertan zerbait egiteko nahia eta desira". Dena den, barre artean onartu zuen bere ametsetan bestelako eguraldi bat ageri zela, "eguzki borobilarekin-eta", baina hala ere, udakoa ez zirudien gau lanbrotsuari musika eta poz pixka bat jartzeko prest agertu zen musikari azpeitiarra. Ateri eutsi zion hasieran, baina azken piezak estalkiaren azpian eskaini behar izan zituzten, zeruak ez baitzuen atsedenik eman, eta euria hasi baitzen. Dena den, eguraldiak ez zuen zapuztu emanaldia. 

Musikariek zinez gozatu zutela adierazi du Arakistainek kontzertuaren biharamunean: "Emaitzarekin oso gustura gelditu ginen. Harreman handia dugu lau musikariok, eta askotan aritu gara elkarrekin; oso gertukoak dira niretzat, eta gozagarria da haiekin musika egitea".

Atzoko kontzertuaren arrazoia Kulturaz kooperatibarekin izandako harremanaren fruitua edo ondorioa izan dela kontatu du Arakistainek; izan ere, duela hilabete batzuk Ezust Duoko musikariek bi abesti grabatu zituzten Igartza jauregian, Kulturazeko kideen laguntzarekin. Jasotakoa itzultzeko modu bat zen herrian kontzerturen bat eskaintzea. Emanaldirako ezohikoa den tokia proposatu zien Arakistainek Kulturazekoei, Basazabal jauregia, leku horrek aukerak eskaintzen zituela iritzita, eta horrela egin zuten atzo. Musikari azpeitiarrak uste du atzokoarekin "ate bat gehiago" ireki dela herrian: "Uste dut ate bat ireki dela, ireki dela aukera bat bertan gauzak egiteko, eta herriak irabazi duela beste leku bat; izan ere, Basazabalek udan zerbait egiteko aukera eskaintzen du, kontzertuak, emanaldiak... gauza asko egin daitezke bertan". Horregatik, espero du aurrerantzean ere askotariko ekintzen geltoki izango dela Basazabal. "Ez dadila izan atzokoa Basazabal musikaz eta argiz apaintzen den azken aldia!".