Koronabirusa Azpeitian

Bederatzi positibo zenbatuta, eremu laranjan sartu da Azpeitia

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 15a, 13:05

Intzidentzia tasa 300dik gorakoa da dagoeneko Azpeitian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa ere eremu gorrian sartu dira, 415,55eko tasarekin.  

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Azpeitian atzo bederatzi positibo atzeman zituzten PCR eta antigeno testetan. Positiboak egunez egun gora egiten ari dira herrian, eta atzo detektatutako bederatzi positiboekin 25 dira azken zazpi egunetan baieztatutako kasuak; horietatik hogei positibo azken hiru egunetan zenbatu dituzte. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere gora egin du Azpeitian, eta 300eko langa gainditu du. Hain zuzen ere, 302,23koa da intzidentzia tasa herrian.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, 62 kasu positibo hauteman zituzten atzo, herenegun baino hamabi gehiago. Azkoitian zenbatu dituzte positibo gehien, hogei positibo detektatuta, 584,16ra igo baita han intzidentzia tasa. Lau positibo gehiagorekin, bestalde, eremu gorrian sartu da Orio, eta 407,70eko intzidentzia tasa dute bertan. Eremu gorrian jarraitzen dute, Orio eta Azkoitiarekin batera, Zarautzek –hamalau kasu hauteman dituzte eta 462,49ra igo da tasa– eta Zumaiak. Eskualdeko herri guztietan Zumaiak du egoera okerrena: beste bederatzi kasu positibo detektatu dituzte, eta 1.048,13ko intzidentzia tasa dute.

Gainerako kasuak Getarian (2) eta Zestoan (5) zenbatu dituzte, eta 282,69 eta 282,49ko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, berriz, ez dute kasu positiborik zenbatu. 

Positibotasun tasa, gora

Atzo 15.209 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 1.825ek izan zuten emaitza positiboa. Lurraldez lurralde, Nafarroan zenbatu dute kasu kopuru altuena (608), eta gero, Bizkaian (511), Gipuzkoan (502) eta Araban (154). Osasun Sailak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 10,6koa da positibotasun tasa, eta Nafarroan % 16,2koa.

Ospitaleratzeen egoeraren berri ere eman dute. Izurritearen ondorioz ospitaleratu duten gaixoen kopuruak gora egin du azken egunetan, eta gaur-gaurkoz, 98 pertsona daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan –duela astebete 50 ziren–. Atzo 31 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ZIUetan daudenak, berriz, 28 dira hiru lurralde horietan. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea gora egiten hasi da berriz, eta 1,36koa da egun –1,31koa zen atzo–. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, bestalde, 415,55ekoa da egun.