Doinu ezagunekin sortutako koreografia berriak eta dantza tradizionalak, igandean plazan

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 14a, 18:16
Luis Beltza eskolako dantzariak plazan eskainitako emanaldi batean. (Azpeitiko Udala)

Luis Beltza dantza eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasle zein irakasleek emanaldi berezia eskainiko dute igandean, 12:30ean hasita, plazan. Guztira, 40 dantzarik eta hamalau musikarik parte hartuko dute ikuskizunean, eta ordubete inguruko saioa eskainiko dute. Ezagunak diren doinuak eta koreografia berriak izango dira protagonistak. Dagoeneko eskuragarri daude emanaldirako gonbidapenak. 

Luis Beltza dantza suelto eskolak eta Juan Antxieta musika eskolak elkarrekin prestatutako emanaldi berezia eskainiko dute datorren igandean, hilak 18, plazan. Azpeitiko Udalak eta hainbat talde nahiz eragilek elkarlanean prestatutako Azpeitia bizi! egitarauaren barruan antolatu dute igandeko emanaldia, eta dagoeneko eskuragarri daude ikuskizunerako gonbidapenak. 

Plazan, oholtzarik gabe, eskainiko dute musikaz eta dantzaz jositako emanaldia, eta Luis Beltza dantza eskolako 40 dantzarik eta musika eskolako hamalau musikarik –txistulariak, trikitilariak eta panderojoleak– parte hartuko dute ikuskizunean. Musika eskolako ikasle zein irakasleak nahiz Luis Beltzaren eskolakoak denbora luzez aritu dira igandeko emanaldia prestatzen, eta "berezia nahiz polita" izango dela aurreratu dute. Azaldu dutenez, koreografia berriak nahiz tradizionalak eskainiko dituzte plazan, hala nola ikurrin dantza, banakoa, arku dantza, Lapurdiko makil dantza, fandangoa eta arin-arina... Abesti ezagun nahiz bereziekin sortutako koreografiak ere eskainiko dituzte. Esaterako, Erria txikota, Erre zenituzten, Aita San Antonio, Zurekin batera eta Eskutik Ujuka kantuen erritmora egingo dute dantza. Azken abesti hori, Eskutik Ujuka izenekoa, musika eskolako irakasle den Imuntzo trikitilariak sortutako doinua da, eta abesti horretatik abiatuta egin du igandean eskainiko duten koreografietako bat Luis Alberdi Beltzak.

Igandeko emanaldia 12:30ean hasiko da, eta hura ikusteko ezinbestekoa izango da gonbidapena aurrez hartzea. Antolatzaileek azaldu dutenez, aulkiak jarriko dituzte plazan, herritarrek emanaldia eserita eta neurriak errespetatuz ikus dezaten.