Koronabirusa Azpeitian

Beste hiru positiborekin, gorantza jarraitzen du intzidentzia tasak Azpeitian

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 14a, 12:48

Eremu horian mantentzen da herria, baina 262,81era igo da intzidentzia metatuaren tasa. Urola Kostan guztira 51 positibo zenbatu zituzten atzo egindako probetan, eta Azkoitia eta Zarautz eremu gorrira pasatu dira. Kasuak berriz ere gora egiten ari badira ere, Hego Euskal Herrian azken bi asteetan ez da izan COVID-19ak eragindako hildakorik.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Azpeitian atzo, asteartea, hiru kasu positibo hauteman zituzten PCR eta antigeno probetan. Eremu horian mantentzen da herria, baina 262,81era igo da intzidentzia metatuaren tasa.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, guztira 51 positibo baieztatu zituzten atzo egindako probetan. Zarautzen (hemeretzi) eta Zumaian (16) atzeman dituzte positibo gehien. Azkoitian zortzi positibo hauteman zituzten atzo, eta herri hori eta Zarautz eremu gorrian sartu dira. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 417,26koa da gaur-gaurkoz Azkoitian; azken astean 39 positibo zenbatu dituzte han. Zarautzen, berriz, 428,32koa da tasa. Lehendik eremu gorrian zegoen Zumaiak du, hala ere, eskualdeko daturik txarrena, 1.017,60ko tasarekin.

Getaria eremu horian dago, 212,01eko tasarekin; han atzo bi positibo detektatu zituzten. Errezilen, Orion eta Zestoan, aldiz, positibo bana atzeman dute azken orduetan. Orioko intzidentzia tasa 342,47koa da, Zestoakoa 179,76koa eta Errezilgoa 161,03koa. Aian –251,89ko tasa–, Aizarnazabalen –390,12ko tasa– eta Beizaman ez dute positiborik zenbatu.

Hildakorik ez azken asteetan

Hego Euskal Herrian azken bi asteetan ez da izan COVID-19ak eragindako hildakorik. Kasuak berriz ere gora egiten ari badira ere, ospitaleetako ZIUak ere egonkor mantentzen dira. Atzo egindako probetan 1.521 positibo hauteman zituzten, herenegun baino 249 positibo gehiago. Nafarroan detektatu zituzten atzo positibo gehien: 532, guztira. Lurralde horretan 3.232 test egin zituzten, eta beraz, positibotasun tasa %16,5ekoa izan zen –herenegun %15,9koa zen–. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, 989 positibo atzeman zituen Osasun Sailak; lurraldeka, Araban 35 positibo hauteman zituzten, 462 Bizkaian eta 398 Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere, lurralde horietatik kanpo bizi diren 35 lagunek ere positibo eman zuten. Guztira, 11.651 proba egin zituzten, eta beraz, positibotasun tasa %8,5ekoa izan zen.

Ospitaleen egoeraren berri ere eman dute Osasun Sailak eta Osasunbideak. Gaur-gaurkoz 99 pertsona daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan ospitaleratuta –atzo 87 ziren–, eta 31 Nafarroako ospitaleetan; 31 lagun ospitaleratu dituzte azken orduetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta lau Nafarroan. ZIUetan daudenak, aldiz, 26 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –23 ziren atzo– eta hamar Nafarroan. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, bestalde, 31 puntu egin du gora, eta dagoeneko 377,87koa da zenbatekoa; eremu gorritik gertu kokatu da beraz hiru lurralde horietako zenbatekoa. Gaixotasunaren birsorkuntza tasa zehazten duen R0 indizea, ostera, 1,31koa da orain hiru lurralde horietan –1,30ekoa zen atzo–. Datu horren arabera, positibo bakoitzak pertsona bat baino gehiago kutsatzen du orain.