Klik!

10 urte, kultura hauspotzen

Kulturaz 2021ko uzt. 22a, 09:57

Gaur, uztailak 22, 10 urte betetzen ditu Sanagustin kulturgune osatuak. Hasierak errazak izan ez baziren ere, urrats handiak egin ditu proiektuak urteotan, kulturari hauspoa emanez. 2021eko Uztarria aldizkarian lehen hamarkadari argazkiekin eta hitzekin egindako errepasoa dator, Klik! atalean.

Irekiera eguneko ekitaldia

2011ko uztailaren 22an ireki zuten Sanagustin kulturgune osatua, ostalaritza zerbitzu eta guzti, Azpeitiko Kultur Mahaiak sortutako Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba Elkarteak kudeatuta. Goiko irudian, irekiera eguna.

Hasiera zaila

Krisi ekonomikoa nahiz jendearen ohiturak eta joerak tarteko, ez zen erraza izan hasiera, baina herriko kultur dinamika biderkatzea lortu zen Sanagustin kulturgunearen bidez, haren sustatzaileek azaldu dutenez. "Euskal Herriko kulturgune erreferente bihurtzeraino iritsi da". Goiko irudian, Aitzealdenk! 02 jaialdia, Sanagustin kulturgunean, 2012an.

Euskal kulturari bultzada

Proiektuaren bidez, euskal kultura, euskaraz egiten eta sortzen dena, bultzatu nahi izan da. Ekitaldien %9 baino ez dira izan euskara ez den beste hizkuntza batean. Argazkian, Sanagustin jendez beteta Deloreanen kontzertuan, 2013ko apirilean.

Kulturaz markaren sorrera

Soreasu antzokia kudeatzen hasi zen kooperatiba 2014an. Zinema eskaintzeaz gain, kultur jarduera hedatzeko ate berriak zabaldu zituen antzokiak. Hainbat espazio kudeatzen zirela eta kultura osotasunean lantzen zela ikusita, Kulturaz marka hartu zuen kooperatibak. Goiko irudian, herriko eragileek elkarlanean antolatutako Olentzeroren ikuskizuna, 2014an, Soreasu antzokian.

Askotariko artistak oholtzan

Talde hasi berrietatik sona handiko artistetaraino, molde guztietako kulturgileak pasatu dira Sanagustingo oholtzatik. Goiko irudian, Javier Krahe kantautore madrildarra, 2015eko otsailean, Sanagustinen.

Hamar urte, 1.500 ekitaldi

Azken hamar urteotan, 1.500 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu ditu Kulturaz kooperatibak. Goiko irudian, Azpeitiko Jotakie taldearen kontzertua, 2016an.

Txisteratik

Era guztietako kultur diziplinak jorratu dira hamar urteotan. 2017tik, esaterako, herritar talde batekin elkarlanean Txisteratik Egun Magikoa antolatzen da. Goiko irudian, 2018ko gala nagusia, Soreasu antzokian.

Beste urrats bat: Dinamoa

Dinamoa sormen guneak 2016an eman zituen lehen pausoak. 2019tik irudiaren, gorputzaren eta hitzaren eremuak martxan dira bertan, eta, aurten, soinuaren eremuko obrak hasiko dituzte. Goiko irudian, Dinamoa diseinatzeko parte-hartze prozesuaren amaierako argazkia, 2017an.

Emozio zaparrada

Zifra eta datuetatik haratago, bizipenak, emozioak, eta memorian ondo gordeta geldituko diren hamaika instante utzi ditu Sanagustin kulturguneak. Goiko irudian, Gorka Urbizu Berri Txarraken Sanagustin kulturguneko kontzertuan, 2019ko martxoan.

Maskarak soinean

Azken urtebetean, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak bete-betean eragin dio kultur jarduerari; hainbat hilabetez kultur jarduerak etenda egon dira. Maskarak jantzita, eserita eta edukiera mugak zainduz egiten dira ekitaldiak gaur egun. Goiko irudian, Erika Olaizolaren Panpina antzezlana, 2020ko uztailean, Soreasu antzokian.

Kultura modu integralean

2021eko otsailean hitzarmena sinatu zuten Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak. Gaur egun, Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea kudeatzen ditu Kulturazek. Ekitaldiak ez ezik, sormen eta transmisio dinamikak ere garatzen ditu, kultura modu integralean landuz. Goiko irudian, Antigone metodoa antzerki mediazio tailerra, Dinamoan, 2021eko maiatzean.