Azpeitiak eta Amurriok jokatuko duten Herriartekoaren finalerdietarako sarrera doakoa izango da

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 13a, 08:41

Zapatuan jokatuko dituzte Euskal Herriko Txapelketako norgehiagokak bi herri horiek. 11:00etan hasiko dira partidak, Zumarragako Beloki pilotalekuan. 364 lagunek sartu ahal izango dute pilotalekura, eta sarrerak doakoak izango dira.

Larunbatean jokatuko dute Azpeitiak eta Amurriok Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finalerdietako bat Zumarragako Beloki pilotalekuan. 11:00etan hasiko da norgehiagoka, eta 364 lagunek sartu ahal izango dute pilotalekura partidak ikustera. Sarrera doakoa izango da, eta beraz, pertsona-muga bete arte izango dute herritarrek frontoira sartzeko aukera.

Kadeteetan, Odriozola eta Ezama arituko dira norgehiagokan, eta Egiguren izango da ordezkoa; jubeniletan, I. Egiguren eta J. Labaka izango dira partida jokatuko dutenak, eta B. Labaka izango da ordezkoa, eta azkenik, seniorretan Alberdi eta Murgiondo arituko dira amurrioarren aurka, eta Larrañaga izango da ordezkoa.

Bigarren finalerdia igandean jokatuko dute Zeanurik eta Lezamak. Partida horiek ere Zumarragan izango da, 11:00etatik aurrera. Bizkaiko bi talde ariko dira aurtengo Euskal Herriko lehian; izan ere, Nafarroako ordezkaritzarik ez da izango aurtengoan, han ez baitute Herriarteko Txapelketarik egin aurten ere.

Azpeitiak ekainaren 26an lortu zuen Euskal Herriko Txapelketarako txartela, Gipuzkoako lehia irabazita. Hain zuzen ere, 2 eta 1 nagusitu zen Azpeitiko taldea Oiartzunen kontra jokatutako finalean. Zortzigarrenez jantzi dute Azpeitiko pilotariek Gipuzkoako Herriarteko lehiako txapela.