SORMEN BEKAK

Katalogazioa, ondarea babesteko eta beste begi batzuekin ikusteko

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 14a, 10:07
Elba Azpillaga 'Ondarearen katalogazioa' proiektuaren aurkezpenean. (Kulturaz)

Herriko zenbait eraikinek gordetzen duten historia ezagutzeko eta hori dokumentatzeko grinak bultzatuta, Azpeitiko ondarearen katalogazioa izeneko proiektuan murgilduta ibili da Elba Azpillaga (Zestoa, 1994) hilabete luzez. Hain ezagunak ez diren baina ezaugarri bereziak dituzten eraikinak identifikatu ditu, horien katalogazioa egin eta etorkizunean ondare gisa babestu ahal izateko. 2020ko Sormen Beketako bat jaso zuen Azpillagaren proiektuak. 

Badaude ezagunak diren eraikinak, miresmenez begiratzen direnak. Argazkietan eta liburuetan sarri agertzen direnak. Baina badaude beste mota bateko eraikinak ere; horren ezagunak ez diren arren bitxikeria eta historia asko gordetzen dutenak. Eraikin horietako batzuk identifikatu eta haien katalogazioa egin du Elba Azpillagak, Ondarearen katalogazioa izeneko proiektuan. Azpeitiko Kultur Sormen Beketako bat jaso zuen Azpillagaren proiektu proposamenak, eta horrek emandako bultzadari esker murgildu zen abenturan. Bidelagun izan ditu liburuak zein herriko bizilagunak; Dinamoa izan da proiektuaren aterpea.

Sormen gunean hasi zen dena, eta ondo gogoan du hori Azpillagak: “Dinamoko kideengana jo nuen egunean, ez nuen Sormen Beken berri; ez nekien existitzen zirenik ere. Orduko hartan esku artean nuen beste proiektu batekin joan nintzen Dinamoko kideengana, eta aurkeztutakoa gustatu zitzaien arren, esan zidaten ez zela garai egokia hura aurrera ateratzeko”. Azpillagak eta sormen guneko arduradunek solasean jarraitu zuten zestoarraren ikasketez, zaletasunez… eta horrela iritsi ziren Sormen Beken gaia mahaigaineratzera. “Kontu-kontari ari ginela eman zidaten Sormen Beken berri, eta buruan neukan proiektu-ideia beketara aurkeztera animatu ninduten. Beraz, Dinamoko lagunei esker izan nuen beken berri, eta haiek animatu nindutelako eman nuen horietara aurkezteko pausoa”, kontatu du zestoarrak.

Ondareari etiketak jartzen

Eta, zer da zehazki Azpillagak egin duena? Zer da ondare bat katalogatzea? Horrela kontatu du: “Ondarea deitzen diogu, nolabait, historikoa den zerbaiti, historikoki fase desberdinetatik pasatu den eraikin edo monumentu bati. Beraz, katalogazioa da fase horiek denak identifikatzea eta egungo egoera zein den aztertzea: eraikinaren patologiak, izandako erabilerak, historikoki izan duen eboluzioa, zergatik den garrantzitsua... horiek denak zehaztea”. Azpeitiko ondarearen katalogazioa egiteko taula zehatz batzuk sortu zituen Azpillagak, eta taula horietan modu argian jaso ditu aztertutako ondareek izandako aldaketa guztiak. “Aldaketak askotarikoak izan daitezke; esaterako, jabetza aldaketa. Izan ere, sarritan jabetza aldaketak eragin zuzena du eraikinean: dekorazioa aldatzen du, erabilera aldatzen du... Finean, katalogazioa etiketa bat jartzea da”, azaldu du Azpillagak. Etiketa horiek, ordea, ezin dira edozein modutara ipini, eta horretan datza katalogazioaren egiteko garrantzitsuenetakoa: “Ondareari ezin zaio norberak nahi duen etiketa jarri, horretarako ezinbestekoa da azterketa historikoa egitea eta azterketa justifikatzea; izan ere, egindako katalogazioaren arabera emango zaio babes maila handiagoa edo txikiagoa aztertutako ondareari”.

"Egindako katalogazioaren arabera emango zaio babes maila handiagoa edo txikiagoa aztertutako ondareari”

Arkitektura ikasketak egin zituen Azpillagak, eta gaur egun horretan dihardu lanean. Pasioz bizi du arkitektura, eta iruditzen zaio batzuetan “ezjakintasuna tarteko” astakeriak egiten direla kultur ondareetan. Horregatik egin du Azpeitiko eraikin zehatzen katalogazioa, herritarrek horiek beste begi batzuekin ikusteko eta etorkizunean ondare hori babesteko. “Proiektuaren ideia da ondare arkitektonikoa, artistikoa edo ezezaguna den ondarea, egunerokotasunean ikusten duguna, beste begi batzuekin ikustea. Ez naiz ari Loiolako baselizaz, hori denok ezagutzen dugu, baina  Azpeitian ezezaguna den balore handiko ondare pila dago, eta hori dokumentatzea eta nolabait jasotzea nahi izan dut”. Horrenbestez, azpeitiarrek egunerokotasunean ikusten dituzten baina ondare gisa izendatuta ez dauden eraikinak aztertu ditu Azpillagak, dagozkien terminoetan babestu ahal izateko. “Izan ere, termino zehatzen arabera egiten da katalogazioa eta, ondorioz, etorkizunean eraikin horretan  zerbait egin behar bada, ezin da edozer egin; hau da, esku-hartze bat egin behar bada, ezin da edozein eratako esku-hartzea egin, ondare gisa katalogatuta dagoelako eta babes maila bat daukalako”, azaldu du.

Liburuetan arakatzen

Prozesuaz galdetuta, “luzea” izan dela aitortu du Azpillagak. Joan zen maiatzean aurkeztu zituzten Sormen Beketarako hautatutako proiektuak, eta egun horretan bi eraikinen katalogazioa aurkeztu zuen zestoarrak: Damaso Azkue sendiaren etxebizitza blokea eta Madalena gaineko Lazaretoa, harrobi ondoan dagoen ospitale zaharra. “Lazareto bat gaixotasun infekziosoak jasotzen zituen eraikina da; Azpeitikoaren istorioa berezia da. Damaso Azkue familiaren etxebizitza blokea ere oso berezia da. Inguruotako aurreneko igogailua izan zuen eraikinak. Gainera, eraikuntza hormigoi armatuzkoa da, eta garai hartan sistema hori ez zen ezaguna. Kontu horiek denak oso bitxiak dira”, adierazi du proiektuaren egileak.

"Azpeitiak ondare eder ugari du, baina zoritxarrez oso gutxi dago katalogatuta, eta pena da, ezjakintasun horren ondorioz hondamendiak egiten baitira"

Egindako taulak osatzeko lan handia egin behar izan du Zestoako arkitekto gazteak, eta bide horretan ezinbestekoa izan da dokumentazio lana. “Gauza bat da niri eraikina bitxia iruditzea, baina beste bat da eraikin hori kultur ondarea izatea. Hau da, eraikinak gutxieneko baldintzak izan behar ditu katalogatzeko: garai zehatz batekin harremana izan behar du, ingurunearekin… Eraikin ugari nituen begiz jota, baina ez nekien ziur garrantzia arkitektonikorik ba al zuzten”. Horregatik, liburuetan arakatzen hasi zen ezer baino lehen. “Azpeitiari lotutako liburuak irakurtzen hasi nintzen, baita jendeari galdetzen ere. Liburuetan gako asko daude, eta horiei tiraka hasi nintzen; gainera, liburuetan jasotakoak eta nik aurrez identifikatutakoek bazuten lotura”, kontatu du. Ondoren, udal artxibora jo zuen, aukeratuta zituen eraikinen inguruko informazio gehiago ba ote zegoen begiratzeko. Ez zuen apenas informaziorik aurkitu, eta horrek poz eman zion. “Kontua da Azpeitiko artxiboan 1960. urtetik aurrerako dokumentuak soilik dituztela; eta ez da gutxi, leku askotan beranduagoko artxiboak izaten baitituzte. Nik aukeratutako ondarea zaharragoa zenez, horren inguruko oso informazio gutxi zegoen artxiboan, eta, hain zuzen, hori zen nik nahi nuena. Izan ere, katalogazioaren hasierako helburua zen oraindik egin gabeko lana egitea”, azaldu du proiektuaren egileak. Haren aburuz, Azpeitian ondare gutxi dago behar bezala katalogatuta: “Azpeitiak ondare eder ugari du, baina zoritxarrez oso gutxi dago katalogatuta, eta pena da, ezjakintasun horren ondorioz hondamendiak egiten baitira. Batzuetan eraikinak botatzen ditugu jakin gabe benetan zertan ari garen. Hori gertatzen da, besteak beste, eraikinek edo ondareek behar duten katalogaziorik eta babesik ez daukatelako”.

Liburuak ez ziren izan Azpillagaren bidelagun bakarrak. Hark Jose Luis Otamendirengana ere jo zuen informazio eske, hark gaiaz jakingo zuela iritzita. Damaso Azkue sendiaren etxebizitza blokeko bizilagunekin ere jarri zen harremanetan. Otamendik nahiz Damaso Azkue familiaren blokeko bizilagunek emandako laguntza “proiektua garatzeko ezinbestekoa” izan zela aitortu du Azpillagak. “Oso eskertuta nago”, gaineratu du.

Hasiera besterik ez

Elba Azpillagaren Ondarearen katalogazioa proiektua ordu luzeko lanaren emaitza da, mimoz egindako lanaren fruitua, eta hori nabaritu egiten da. Dena den, oraindik bukatu gabeko lana dela azpimarratu du egileak. Aurkeztutako bi eraikinez gain, beste hainbat eraikuntza ditu identifikatuta egindako lanean, eta horietako batzuen azterketari ekin bazion ere, gaur gaurkoz katalogazioa guztiz amaitu gabe dagoela azaldu du. Besteak beste, zenbait baserri, Fundiciones Landeta zenaren industria gunea, Marcial Uzinekoa, Artetxe Hotela… dira katalogaziorako aukeratutako guneetako batzuk.

Azpillagak “bizitza osoa” emango zukeen lan horretan, baina penaz dio gaur gaurkoz ez duela baldintzarik eginkizun horretan behar bezala jarraitzeko: “Nire bizitza osoa pasatuko nuke lan honetan, baina gaur egun ezin dut. Oso lan handia da, eta esan daiteke hasi besterik ez naizela egin. Izan ere, Sormen Beka urtebetekoa da, diru kantitatea bat du, eta dagoeneko bukatu da… Lan honetara dedikatuko banintz, munduko zoriontsuena izango nintzateke, baina gaur gaurkoz ez da horrela, eta bestelako egitekoak ditut. Proiektua garatzen nuen bitartean nire ohiko lana nahiz beste lan batzuk ere banituen esku artean, eta topera aritu nintzen. Orain arnas pixka bat hartzeko garaia da”, dio. Hala ere, azpimarratu du aurrerago proiektua berhartzea ikaragarri gustatuko litzaiokeela: “Asko dago egiteko, eta hau hasiera besterik ez da”.

“Asko dago egiteko, eta hau hasiera besterik ez da”

Egindako lana herriratzeko asmorik ba al duen galdetuta, Azpillagak dio ederra izango litzatekeela aztertutako eraikinetara bisita gidatuak egitea eta horien inguruko azalpenak herritarrekin partekatzea. Hala ere, nabarmendu du gauza horiek proposamenak edo ideia posibleak direla, gaur gaurkoz ez baitaki zertan geldituko den egitasmoa. Kulturaz kooperatibarekin batera Azpeitiko Udala ere bada Sormen Beken sustatzailea, eta haiek badakite zertan datzan Azpillagaren proiektua.

Hasitako lanak jarraipenik izango al duen ez dakien arren, orain arteko esperientzia ederra izan dela dio. “Prozesua luzea izan da, baina mamitsua. Oso esperientzia polita izan da; espero ez nituen gauza pila ikasi eta deskubritu ditut. Gainera, Azpeitiarekin pixka bat adiskidetzeko balio izan dit”, aitortu du barre artean. 

Azpillaga, proiektuaren nondik norakoak azaltzen, aurkezpen egunean. (Kulturaz)