Erretratua

Aitor Zubizarreta: "Egunerokotasunean eta etorkizun motzean zentratzen naiz"

Nagore Aizbitarte 2021ko abu. 1a, 09:28
Aitor Zubizarretaren erretratua. (Olatz Alkorta)

Saskibaloiak txikitatik izan du lekua Aitor Zubizarretaren bizitzan, eta horretan dihardu gaur egun ere. Bere ibilbidean zehar hainbat taldetatik igaro eta esperientzia ugari bildu ditu. Orain, azkenengo denboraldia amaitu ondoren, Azpeitian dago. Bera da 2021eko uztaileko Uztarria aldizkarian Erretratua atalaren protagonista.

Iraurgi SB, Bilbao Basket, Palentzia eta Caceres. Talde horietan ibili da Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1995) azkenengo lau denboraldietan, eta gaur egun, Palentzian bigarren denboraldia egin ondoren, Azpeitian dago, hurrengo sasoiari begira. 18 urterekin, enpresa ikasketak eta saskibaloi profesionala uztartzeko nahiarekin, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen lau urterako: lehenik, Portlandeko Unibertsitatean egin zituen bi urte, eta ondoren, Idahon beste bi. Geroztik, ez dira gutxi izan saskibaloiaren munduan eman dituen pausoak.

Jokalariak aitortu du saskibaloirekiko zaletasuna etxetik datorkiola: "Aitak eta anaia zaharrak eragin zuzena izan zuten horretan". Zubizarretak dio anaiaren partidak eta entrenamenduak ikustera joaten zela, eta batzuetan, atsedenaldietan, "kantxara jaitsi eta saskiraketa batzuk egiten" zituela. "Hortxe hasi zen dena". Umea zela ez zuen pentsatzen etorkizunean saskibaloi jokalari profesionala izango zenik, baina urteek aurrera egin ahala, horretarako "aukerak" zituela ikusten hasi zen. Zehazki, Espainiako selekzioak lehenengo kontzentrazioetara deitu zuenean pentsatu zuen hori. Orduan konturatu zen inguruan zituen beste jokalariak "harrobi handietakoak" zirela, eta zera pentsatu zuen: "Eta zergatik ez dut nik ere saiakera egiten?".

Saiakera horri ekiteko, AEBetara joatea erabaki zuen. Jokalariaren esanetan, beren etxean "oso garrantzitsuak" izan dira ikasketak betidanik, eta argi zuen horiek ez zituela utziko saskibaloian jokatzegatik. Hain zuzen ere, atzerriko esperientzia horrek aukera ematen zion ikasketak eta goi mailako saskibaloia uztartzeko; izan ere, Zubizarretaren arabera, hemen hori "ez da erraza".

Azkar nabaritu zituen bi herrialdeen arteko ezberdintasunak: "Hemen 150 pertsonaren aurrean jokatzen nuen, eta hara iristean, lehenengo partidan ia 20.000 pertsona bildu ziren". Euskal Herritik AEBetara joatea "aldaketa handia" izan zen Zubizarretarentzat, eta hasieran "zaila" egin zitzaiola aitortu du, baina, hala ere, bere "bizitzako esperientziarik onena" izan dela dio. Azpeitiarra ez da damutzen hartu zuen erabakiaz: "Nire buruaz harro nago esperientzia hartan murgiltzeko ausardia izan nuelako".

AEBetako unibertsitate batean murgiltzea eta hango egunerokotasuna bizitzea "esperientzia ahaztezina" izan zela dio Zubizarretak. Haren arabera, filmetan ikusten denaren "oso antzekoa" da hango errealitatea. Jokalariak azaldu duenez, kirolariei izugarrizko errespetua diete han: "Oso azpimarragarria da kirolari ematen zaion indarra". Dena ez da, ordea, saskibaloia. Jokatzen eta entrenatzen jarraitu nahi izanez gero, ikasketetan nota mantentzeko eskatzen du ligak. Zubizarretaren arabera, enpresa ikasketak eta saskibaloia uztartzea ez zen "horren lan gogorra" izan laguntza jaso zuelako: "Oso ondo antolatuta dago dena, eta jokalariek dituzten beharretara egokitzen dira".

Esperientzia hark amaierara iritsi behar zuen, ordea, eta saskibaloi jokalariak adierazi du ez zela "erraza" izan. Euskal Herrira iritsi zenean, Bilbao Basketek fitxatu zuen, eta Iraurgi SBri utzita egon zen urtebetez. Urte hartan bere "gorabeherak" izan zituela aitortu du azpeitiarrak; izan ere, ez zuen atseden hartzeko denbora asko izaten: "Astean zehar Bilbao Basketeko eta Iraurgiko entrenamenduak uztartu behar izaten nituen, baita partidak ere. Gainera, nire buruari presio asko jartzen nion".

Garrantzitsuena, haztea

"Une honetan nire ibilbideaz galdetuz gero, gustura nagoela esango nuke", dio saskibaloi jokalariak. Ibilbidean zehar "gorabeherak" izan baditu ere, jokalari bezala hazten jarraitzea iruditzen zaio garrantzitsuena. Azken batean, badaki bizi izandako zailtasunek gaur egun den saskibaloi jokalaria eta pertsona "eraikitzen lagundu" diotela, eta egindako aldaketekin "oso gustura" dago.

COVID-19ak Caceresen (Espainia) harrapatu zuen Zubizarreta, etxetik urrun. Izurria zabaltzen hasi zenetik hilabete igaro zenean, jokalariei etxera itzultzen utzi zieten, eta hala, Azpeitira etorri zen. Etxean entrenamenduetako eskakizunak mantentzea zaila bazen ere, Zubizarretak dio garajean entrenatzen jarraitzeko aukera izan zuela, nola edo hala: "Bizikletarekin ibiltzen nintzen, eta pare bat baloirekin boteak egiten nituen. Errutina bat jarraitzen nuen, eta modu horretan, egunak errazago pasatzen ziren".

Partidak itzuli zirenean, harmaila hutsei aurre egin behar izan zieten kirolari askok eta askok, eta Zubizarretak adierazi duenez, hori ez da "erraza" izan: "Asko nabaritzen zen ikusleen falta; partidek entrenamenduak ziruditen. Jokalarien arteko ahotsak asko entzuten ziren, eta hori oso arraroa egiten da". Saskibaloi jokalariak dioenez, pandemiaren aurreko partidetan, Palentzian (Espainia) pabilioia jendez betetzen zen astero; 5.000 pertsona inguru biltzen ziren: "Eremua beteta ikustetik hutsa ikustera igarotzea, egia esan, ez da erraza izan, ez guretzat, ezta zaleentzat ere".

Urte hauetan guztietan etxekoek nahiz lagunek eman dioten babesa ere azpimarratu nahi izan du Zubizarretak: "Etxean beti nire partida denak ikusten dituzte". Anaia zaharrak, adibidez, neurketen amaieran beti ematen dio bere iritzia: "Asko gustatzen zait jokatu ostean nola ikusi nauten galdetzea". Azpeitiarrak kritikak ondo jasotzen dituela dio: axola zaion jendearen iritziak soilik jasotzen ditu, eta horiez hausnartzen du. Partida bat bukatzean, gauza asko irakur ditzake jokalariak sare sozialetan –Twitterren, adibidez–, baina garrantzi handirik ez ematen saiatzen da: "Zeuk erabakitzen duzu zer ikusi, zer irakurri eta nori egin kaso".

Etorkizunaz galdetuz gero, Zubizarretak dio ez duela asko pentsatzen etorriko den "zera" horretan: "Egunerokotasunean eta etorkizun motzean zentratzen naiz". Beraz, azkenengo denboraldia Palentzian igaro ondoren, hurrengoari begira dago, baina lasai. Zubizarretak azaldu duenez, berarentzat "garrantzitsua da egun bat nola hasi eta nola bukatu pentsatzea". Entrenamenduetan eta partidetan dena ematen saiatzen da, ikasten jarraitzeko: "Beti egongo dira partida onak eta txarrak, eta jokalari bezala hazten jarraitzeko, beti saiatuko naiz hobetzen eta ikasten".