Marka guztiak hautsita dator auto klasikoen XVIII. Azpeitia Hiria Rallya

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 13a, 08:45
Auto klasiko bat Azpeitia Hiria rallyaren aurreko edizio batean. (Jorge del Cid)

Aurten 110 auto izango dira Maykel del Cid zenaren omenaldizko rallyan; Lagun Artea eskuderiakoen arabera, "inoiz baino gehiago". Larunbatean, hilak 17, 11:00etan hasiko da lasterketa, eta goizean zein arratsaldean bederatzi zati egingo dituzte Gipuzkoako hainbat txokotan. Egiaztapenak egun berean 09:00etatik 10:30era bitartean egingo dituzte, Azpeitiko epaitegiaren aurreko plazan.

Urtero bezala, hutsik egin gabe dator auto klasikoen Azpeitia Hiria rallya; aurten, gainera, marka guztiak hautsita egingo dute lasterketa. XVIII. edizioa izango da larunbatean, hilak 17, egingo dutena, eta guztira, 110 autok —ibilgailu bakoitzean bina pilotu izango dira— parte hartuko dute lasterketan. Lagun Artea eskuderiako Jorge del Ciden arabera, "inoizko parte hartzailerik gehien" izango dira aurtengo rallyan, eta izen-emate kopuruarekin "oso gustura" daudela azaldu du: "Ehun parte-hartzailetik inoiz ez gara igaro, eta aurten pozgarria da Azpeitia eta inguruetako gazte askok eman dutela izena". Besteak beste, Aiako, Azkoitiko, Zarauzko nahiz Zumaiako pilotu gazteek eman dute izena lasterketan.

Guztira, bederatzi ibilbide zati egingo dituzte pilotuek Gipuzkoako hainbat txokotan. Hasteko, Gorlatik Bergarara joango dira, eta ondoren, Angiozarretik Elgetara eta Elorriora. Handik, berriz, Arrasatera joango dira Kanpazarretik, eta laugarren zatia Oñatitik Gabiriara izango da, Legazpitik igarota. Gabirian bazkaltzeko tarte bat hartuko dute pilotuek, eta arratsalde partean Goierritik, Tolosaldetik eta Urolatik ibiliko dira ibilgailuak. Hasteko Beasainetik Arriaranera joango dira, eta ondoren, Mandubitik Azpeitira jaitsiko dira. Horren ostean, Tolosara joango dira Urrakitik, gero Asteasutik Aiara mugituko dira, eta amaitzeko, Tolosatik abiatuta Azpeitira itzuliko dira berriro parte-hartzaileak.

Ibilgailuei dagokienez, askotariko autoak ikusi ahal izango dira rallyan. Del Ciden arabera, autorik zaharrena 1968koa da, Manuel Hernandezen eta Yosu Alonsoren Volvo 142S-a, hain zuzen ere. Horrez gain, 1970eko beste bi auto nabarmendu ditu azpeitiarrak: Joxean Aranetaren eta Arantxa Txapartegiren Porsche 911T-a eta Jagoba Agirreren eta Ibon Juaristiren Alpine A110-a. Del Cidek berak ere rallyan parte hartuko du Nerea Odriozolarekin batera, 1981. urteko BMW 323i E21 autoarekin.

Azken urteetan bezala, aurten ere Lagun Arteako kide eta lasterketa komisario izandako Maykel del Cid zenaren omenez egingo dute auto klasikoen Azpeitia Hiria Rallya.

Sari banaketa, 20:30ean

Lasterketa 20:00ak aldera amaituko dela aurreikusten dute Lagun Arteakoek, eta sari banaketa ordu erdi geroago egingo dute, Azpeitiko epaitegiaren aurreko plazan. Han banatuko dituzte irabazleentzat txapelak zein garaikurrak. Ondoren, berriz, Kiruri jatetxera joango dira afaltzera, eta del Cidek azpimarratu du "osasun eta segurtasun neurri guztiak beteta" egingo dituztela otorduak.

Bestalde, Azpeitia Hiria rallyan parte hartuko duten ibilgailuen egiaztapen administratiboak aurten ere telematikoki egingo dituzte. Dena den, 09:00etatik 10:30era bitartean elkartuko dira parte-hartzaileak epaitegi aurreko plazan, eta orduan emango dizkiete parte-hartzaileei beren zenbakiak. Horrez gain, ibilgailuei GPS-a jarriko diete lasterketako denbora kronometratzeko.