"Sortzaileak eta kontsumitzaileak, pixkanaka bada ere, ari gara kontsumo ohiturak aldatzeko pausoak ematen"

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 13a, 16:30
Gaztelumendi eta Lili.

Ilazki Lili (Azpeitia, 1987) eta Maider Gaztelumendi (Donostia, 1993) Dinagu emakume sortzaileek kolektiboko kideak dira. Datorren igandean azoka izango da Azoka Plazan; izan ere, Euskal Herriko zenbait sortzailek Nomadak gaitun! azoka ibiltaria prestatu dute. Egitasmo horrek Azpeitian egingo du lehen geldialdia, eta sustatzaileetako bikin elkartu da Uztarria.eus.

Zer dela-eta jarri diozue azokari Nomadak gaitun! izena? 

Ilazki Lili: Nomada hitzaren bitartez gure izaera ibiltariari egin nahi genion erreferentzia. Azoka, pop up espazio eta antzeko erakusleihoetan mugitzen garen sortzaileen sektorea gara, beti ibilian dabilena. Bestalde, gaitun hitzak gure izateari egiten dio erreferentzia. Azoka hauek elkarlanean antolatu ditugun erakusleihoak izango dira; herritarrei Euskal Herrian modaren zein irudigintzaren arloan modu jasangarrian sortutako produktu eskaintza zabal bat badagoela erakusteko bitarteko bat. Bagarela eta bagabiltzala adierazteko modu bat da.

Emakume sortzaileen topalekua izango da egitasmoa, ezta? 

Maider Gaztelumendi: Halaxe da, bai. Esparru desberdinetan gabiltzan emakume sortzaileon topalekua sortzea da helburuetako bat, bai sortzaileok saretzeko, baita kontsumitzaileek gu ezagutzeko ere.

Lehen azoka Azpeitian izango da. Zergatik?

I. L.: Azpeitian abiatzeko arrazoi nagusietako bat herriak eskaintzen dituen azpiegiturak dira. Azoka Plaza herriaren erdigunean kokatuta dago, eta aukera ederrak eskaintzen ditu kalitatezko azoka bat antolatu ahal izateko. Argi genuen emakumeen kolektibo ezberdinekin elkarlana sustatu nahi genuela antolatzen genbiltzan azoka ziklorako, eta horretarako ere baldintza egokiak eskaintzen zizkigun herriak. Sukaldea eta musikarientzat espazioa beharrezko genituen, azokari eman nahi genion formatua eman ahal izateko. Azokaren egunean, Azoka Plazako Elikagunean emakume baserritarrak ariko dira beren produktuekin prestatutako jakiak saltzen. Horiek prestatutako jakiak dastatu ahal izango dira Azoka Plazaren atzekaldean kokatuta egongo den jantokian. Egunarekin amaitzeko, Ameba Usurbilgo musika taldearen kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean. Azpeitiak hori guztia eskura jartzen zigula ikusita hartu genuen azoka hemen egiteko erabakia. Eskertuta gaude instalazio horiek guztiak inongo oztoporik gabe eskuragarri jarri dizkigutelako. Bestalde, jendearen erantzuna ona izango delakoan ere bagaude.

Zein da zuen proiektuaren abiaburua?

M. G.: Euskal Herrian sorkuntzan aritzen garen emakumeok elkar ezagutzeko, saretzeko, lan egiteko edota egiten duguna ikustarazteko ditugun beharrak bultzatuta sortu da mugimendua.

Dinagu duela bi urte sortu zenuten. Zer bide egin duzue ordutik?

I. L.: Azoka batean parte hartzeko sortu zuten proiektua lau emakumek, eta modu naturalean hasi zen forma hartzen. Kolektiboak indartzen gintuela sentitzen genuen. Bakartiak ziren gure proiektuak, eta ikusi genuen aurrera bidea egiteko uztargarriak zirela, gu elkarrekin ahalduntzen ginela, elkarren babesa ginela eta egungo merkatuan elkarrekin espazio bat bilatzea eta lana ezagutaraztea errazagoa zela. KoopFabrikaren baitan proiektu bat garatu genuen, emakume sortzaileen saretzea helburu zuena. Izan ere, sare sozialetan zein azoketan euskaraz komunikatzen ginen sortzaile sarearen gehiengoari erreparatu genion, eta moda zein irudigintza esparruetan aurkitzen genituen ia sortzaile guztiak emakumeak zirela ikusi genuen. Horretan arreta jarri behar genuela baloratu genuen. Ordutik aurrera, proiektua aurkeztu eta Zarauzko, Getariako zein Errenteriako pop up espazioak sortu genituen; hau da, denbora jakin tarte baterako zabaltzen genituen dendak. Bestalde, Gabonetan #nikbertakoaerostendut kanpaina jarri genuen martxan. Sortzaile ezberdinek hartu zuten parte dinamika hartan, eta Dinaguren sare sozialak emakume sortzaileak aurkezteko baliatu genituen, baita gure produktuak saltzen zituzten komertzioen aurkezpen bat egiteko ere. Modaren eta irudigintzaren esparruan Euskal Herrian aurkitu daitekenaren erakusleiho izatea nahi genuen. Dinaguren lantaldea handituta, elkarte gisa erregistratzeko bidea hartu dugu orain. Proiektu hauek bizigarri egin nahian gabiltzan emakume sortzaileak identifikatzea da asmoa. Eta Nomadak gaitun! azoka ibiltariari bide ematea da orain dugun asmo nagusia, azoka modaren eta ilustrazioaren munduan mugitzen ari denaren erakusleiho bihurtzeko.

Zertarako balio izan dizue Dinaguk?

M. G.: Hainbat emakume sortzaile ezagutzeaz gain, elkar babesteko eta sortzaileok saretzeko aukera eman digula esango nuke. Niri maila pertsonalean asko eman dit; gehienbat nire tailerrarekiko eta proiektuarekiko distantzia hartzeko eta ikuspegi zabalago bat izateko aukera, baita bide berdinean edo antzekoan dabiltzan beste emakume batzuen sostengua jasotzeko aukera ere.

Elkarlana al da sortzaile batek aurrera egiteko behar duen hanketako bat?

I. L.: Beste arlo askotan bezala, sortzaile eta proiektu bakoitza mundu bat da, eta ez dakit guztion beharrak berak izango al diren. Baina gure kasuan, behintzat, horrela da. Elkar aurkitzen dugu, elkarrekin aberatsago egiten zaigulako bidea. Kolektiboa indargune moduan bizi dugu. Merkatuan proiektu txikiekin eta jasangarriekin ditugun zailtasunak berberak direla badakigu. Egungo kontsumo eredua aldatzeko bidea eta kontzientziazio lana elkarrekin egin beharreko zerbait direla uste dugu; elkarren babesa gara, ez konpetentzia.

Artisau mugimendua osasuntsu al dago Euskal Herrian?

M. G.: Hori da asmoa. Egungo kontsumo joerak aldatzeko lana egitea tokatzen da. Usten dugu, sortzaileak eta kotsumitzaileak, pixkanaka bada ere, pausoak ematen ari garela. Landu beharrekoari begira bi hutsune aipatuko nituzke: batetik, beste kolektibo askok egin duten moduan, modan zein irudigintzan bertan ekoiztutakoa erosteko kontzientziazio lana egitea eta horiekiko interesa pizteko beharra; eta bestetik, euskal herritarrei arlo horietan sortzen denaren inguruko informazioa eskura jartzeko beharra. Horretarako sortu dugu Nomadak gaitun! azoka ibiltaria: proiektu txikiak eta jasangarriak guztion artean ikusgarriago egiteko eta herritarrek kalitatezko sormen lanak aurrez aurreko tratu bidez ezagutzeko aukera izateko. Aipatutakoaz gain, Dinaguk badu aipatu beharrekoa den beste puntu bat: euskara. Modaren eta irudigintzaren munduak euskaraz bizi ditugunon proiektuak ikusgarri egiteko espazioa ere izango dira Nomadak Gaitun azokak.

Kontsumo eredua aldatzea duzue ardatz. Interneteko erosketak-eta izan duten gorakadaren aurrean, posible dela uste al duzue?

M. G.: Interneteko erosketak edo salmentak ohikoak dira gaur egun, eta guk ere hala saltzen dugu askotan. Salmenta kanal horri begira, baina, ahalik eta modu jasangarrienean lan egiten saiatzen gara, eta hori da balioa ematen dioguna: nork egin duen, nori ordaintzen ari garen eta nola edo zer badintzatan. Salmenta kanala garrantzitsua da noski, baina erosketa amaitzeko klik hori egin aurretik hiru galdera horiek egingo bagenizkio gure buruari... Egia da Internetez erosteko baliabideak moda azkarraren oso lagun egin direla; adibidez, bost egunetan izan dezakezu etxean Txinatik iritsitako nahi duzun produktua, eta "merke" erosita gainera. Baina zeren truke? Noraino egiten da norbera gaur egungo produkzioaren eta kontsumo ohituren arduradun? Eta ohitura horiek dakartzaten kalteen arduradun? Kontsumo eredua eraldatzeko bidean hausnarketa horiek beharrezkoak direla uste dut, sortzaileon lanari balioa emateko eta kontzientzia sortzeko, baita kontsumo kontziente hori bermatzeko baliabideak eskaintzea ere.

Sormen munduak zer eman dizue orain arte?

I. L.: Asko! Gogorra da bidea, gezurrik ez dugu esango. Askotan ez dakizu horretatik bizitzeko egiten duzun apustua oso erreala al den, eta horrek neke handia eragiten du. Baina, aldi berean, jende eta proiektu pila bat ezagutzeko aukera ematen dizu, asko ikasteko eta sormenaren munduan non kokatu nahi duzun aztertzeko. Niretzat ahalduntzeko tresna bat izan da, kontzientzia garatzeko eta sinesten zein gustatzen zaizun horren aldeko apustua egiteko bitartekoa. Eta noski, taldea ere eman dit! Hain bakartia zitzaidan proiektua taldean bizitzeko eta ulertzeko modua izan dut. Dinagu sormen munduak emandako opari bat izan da.

Zer aurkituko du hilaren 18ko azokara joaten den herritarrak?

M. G.: 10:30etik 19:30era izango da azoka, Azoka Plazan. Bitxigintza, ilustrazioa, moda eta zeramika proiektuak aurkitu ahalko dira bertan, baita  zero kilometro emakume ekoizleen sukaldea ere (azokako Elikagunean). Emakume sortzaileen lanak ikusi eta mokadu goxo bat egin ondoren, 19:30ean, Ameba taldearen kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean.