Koronabirusa Azpeitian

Azpeitian bost positibo hauteman ditu Osasun Sailak azken hiru egunetan

Intzidentzia tasa ostiraleko datuan mantendu da, eta eremu horian jarraitzen du herriak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa gora egiten ari da etenik gabe.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi jakinarazi ditu joan den ostiraletik atzora bitartean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrietan zenbat positibo hauteman dituen. Dokumentuaren arabera, Azkoitian beste bost positibo zenbatu ditu Osasun Sailak –bat ostiralean eta bina larunbatean eta atzo–. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa ostiraleko berdina da, eta 210,25ean jarraitzen du.

Urola Kosta eskualdean ere aurreko asteburuan atzemandako kasuen bikoitza zenbatu dituzte azken asteburuan; izan ere, aurreko asteko astelehenean 44 positiboren berri eman zuen Osasun Sailak, eta gaur 92. Positibo gehien Zumaian atzeman ditu Osasun Sailak. 33 positibo hauteman dituzte azken hiru egunetan –hamabost ostiralean, hamahiru larunbatean eta bost atzo–, eta eremu gorrian jarraitzen du 824,26ko tasarekin. Zarautzen, berriz, 27 positibo baieztatu dituzte –11 ostiralean eta zortzina larunbatean eta atzo–, eta eremu laranjan sartu da 355,51ko tasarekin. Azkoitian, berriz, hamabi positibo zenbatu dituzte, eta eremu laranjan sartu da 308,77ko tasarekin.

Azpeitiarekin batera, Orio ere eremu horian dagoen herria da. Orion zortzi positibo zenbatu dituzte –launa ostiralean eta larunbatean–; 260,93ko tasa dute han. Getarian, bestalde hiru positibo atzeman dituzte, atzo egindako probetan hirurak, eta 106,01eko tasarekin eremu horira pasatu da. Aian bi positibo detektatu dituzte, biak ostiralean, eta 151,13ko tasa duten han. Aizarnazabalen eta Zestoan, berriz, positibo bana hauteman dute. Aizarnazabalen 390,12ko kasu metatuen tasa dute, eta Zestoan 154,08koa. Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik baieztatu.

Milako langa gaindituta

Hego Euskal Herrian 1.040 positibo atzeman zituzten atzo, igandea, egindako probetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 672 positibo baieztatu zituzten atzoko egunean zehar egindako 6.923 probetan; positibotasun tasa %9,7an kokatu da gaur hiru lurralde horietan. Nafarroan, aldiz, 368 positibo zenbatu zituzten atzo. 2.380 lagunek egin zuten PCR edo antigeno proba, eta beraz, testa egindakoen %15,5ek eman zuen positibo atzo lurralde horretan. 

Ospitaleen egoeraren berri ere eman du txostenak; izan ere, atzo 23 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 82 lagun daude ospitaleratuta –aurreko astelehenean 50 ziren–. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) egoera aurreko astekoa baino hobea da. Joan den astelehenean zainketa berezia behar zuten 36 herritar zeuden ZIUan, eta egun 28.

Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa adierazten duen R0 indizea behera ari da egiten egunez egun. Egun 1,32an dago kokatuta –1,51koa zen aurreko astelehenean–. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 318,77koa da gaur-gaurkoz.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide