Iñigo Goikoetxea eta Arno, errekortari eta ganadutegi onenak

Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 11a, 20:32

Errekortarien saioa izan da gaur zezen plazan; guztira, hiru ganadutegik eta 35 errekortarik parte hartu dute erronkan. Errekortari eta ganadutegi onena saritu ditu epaimahaiak. Kanpoaldean, elkarretaratzea egin dute zenbait lagunek, animaliak ekitaldi publikoetarako erabiltzea ez dela egokia salatuz. 

Hiru ganadutegiren arteko erronka jokatu dute gaur arratsaldean Azpeitiko zezen plazan, errekortariekin. Lopene (Zestoa), Arno (Mutriku) eta Zelai-Luze (Lastur, Itziar) izan dira ekitaldian parte hartu duten ganadutegiak, eta etxe horien zezenei errekorteak egiten aritu dira saioan parte hartu duten 35 lagun. Ganadutegi bakoitzak hiruna buru atera ditu plazara, eta oztopoekin jolasteko eta errekorteak egiteko aukera izan dute errekortariek.

Saioa nola joan den ikusita, ganadutegietako buru onena eta errekortari trebeena saritu dituzte antolatzaileek; Zezen Beltz elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatu dute ekitaldia. Arnok eskuratu du ganadutegi onenaren saria, eta haren arduradunari garaikurra eman dio Mikel Odriozola zinegotziak. Bestalde, epaimahaiak erabaki du Iñigo Goikoetxea tolosarra izan dela errekortaririk onena gaurko saioan, eta hark Azpeitiko nekazarien produktuekin osatutako otarrea jaso du sari gisa; Mikel Segurola Zezen Beltzeko kideak eman dio saria.

Kanpoan, elkarretaratzea

Jende ugari bertaratu da gaurkoan zezen plazara, baina saioa ez da denen gustukoa izan. Izan ere, errekortariak areto barruan erakustaldia egiten ari ziren bitartean, zenbait lagunek elkarretaratzea egin dute kanpoaldean, animaliak ekitaldi publikoetarako erabiltzea ez dela egokia salatuz.