Baigeraren tabernak kudeatzeko lehiaketa publikoa martxan jarri du udalak

Julen Otaegi Leonet 2021ko uzt. 10a, 11:42
Enparan kaleko Baigera I taberna.

Baigera I eta Baigera II tabernak lehiaketa publikora atera ditu Azpeitiko Udalak. Gehienez lau urterako esleituko ditu tabernen kudeaketak; bi urteko esleipena egingo du lehenik, eta hurrengo bietan, urtez urteko luzapena egin ahal izango da. Proposamenak egiteko azken eguna abuztuaren 9 izango da.

Azpeitiko Udalak Enparan kaleko eta Salbe auzoko Baigeraren tabernak kudeatzeko lehiaketa publikoa abiatu du. Abuztuaren 9ra arte egongo da zabalik proposamenak aurkezteko epea. Baigera I zein Baigera II kudeatzeko esleipenak lau urterako izango dira gehienez –lehen esleipena bi urterako izango da, eta urtez urte luzatzeko aukera egongo da hurrengo bietan–.

Bi tabernak kudeatzeko baldintzak ere zerrendatu ditu udalak. Behintzat 09:30etatik 21:00etara arte egon beharko dira zabalik, astelehenetik igandera bitartean. Ohiko jarduneko gastuak kudeatzaileak bere gain hartu beharko ditu, eta gutxienez 300 euroko hileko kanona ordaindu beharko du, BEZa aparte.

Baigeraren tabernen erabileraren inguruko baldintzak ere zehaztu ditu udalak. Bezeroei euskaraz eman beharko zaie arreta, bertako produktuak eskaini beharko dira eta Baigera elkarteko zuzendaritza batzordeak ezarritako tarifak ezarri. Prezioen zerrenda eta jarduera lizentzia ikusgai eta erreklamazio orriak eskura ere izan beharko dira. 

Interesa duten lizitatzaileek tabernen instalazioak bisitatzeko aukera izango dute, datorren uztailaren 14an eta 21ean, asteazkenak, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Horretarako, aurretik 943-15 71 62 telefono zenbakira deituz hartu beharko dute hitzordua. Era berean, proposamenak aurkezteko eta memoria teknikoa garatzeko argibideak Iraurgi Berritzen agentziaren laguntza izango dute Sindikatu Zaharrera joanda, 943-02 60 69 zenbakira deituta edo info@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzita.