Koronabirusa Azpeitian

Eremu horian egonkortuta jarraitzen du Azpeitiak

Ihintza Elustondo eta Amaia Urbieta 2021ko uzt. 9a, 13:08

Atzo ez zuten positiborik zenbatu Azpeitian. Aste osoan, hemezortzi kasu baieztatu dituzte guztira, joan zen astean baino lau gehiago. Gaur-gaurkoz, 210,25ekoa da herriko intzidentzia tasa, duela astebetekoaren oso antzekoa (203,68). Eremu horian jarraitzen du Azpeitiak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratutako datuen arabera, ez zuten positiborik zenbatu atzo Azpeitian. Dena den, azken zazpi egunetan, hemezortzi kasu atzeman dituzte guztira, joan zen astean baino lau gehiago. Positibo batzuk gorabehera, joan zen ostiraleko oso antzekoa da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa: 210,25ekoa da zifra hori gaur-gaurkoz, eta 203,68koa zen duela astebete. Aste guztian zehar, 200eko langaren bueltan ibili da intzidentzia tasa, eta beraz, eremu horian egonkortu da Azpeitia.

Urola Kosta eskualdean, hamabost kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo –ia bikoitza izan ziren herenegun atzemandakoak–: Azkoitian lau, Orion bi, Zarautzen lau eta Zumaian bost hauteman zituzten. Datu horien ondorioz, igo egin da intzidentzia tasa herri horietan: 175,25etik 208,68ra Azkoitian; 130,46tik 146,77ra Orion; 248,43tik 265,56ra Zarautzen; eta 732,68tik 783,56ra Zumaian. 

Urola Kostako gainontzeko herrietan ez zuten positibo bakar bat ere atzeman atzokoan, eta, ondorioz, herri horietako intzidentzia tasek mantentzera edota behera egin dute. Atzoko kopuru berari eutsi diote Aiak (50,38), Aizarnazabalek (260,08) eta Zestoak (154,08). Beizaman, Errezilen eta Getarian, berriz, hutsean dago intzidentzia tasa.

Positiboak berriro gora

Herenegungo moduan, eguneko 900 positibo berriren langa igaro zen atzokoan, eta 1.000ra hurbildu da zifra: 978 positibo berri atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera. Lurraldeka, 92 zenbatu zituzten Araban, 314 Bizkaian, 265 Gipuzkoan eta 275 Nafarroan. Horiez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren 32 lagunek ere eman zuten positibo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %7,6koa izan zen atzo, herenegungoa baino puntu erdi altuagoa; Nafarroakoa, berriz, jaitsi egin da: %14,1 izan zen herenegun eta %13,3 da atzoko datuetan.

Okerrera egin duen beste adierazle bat da Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa: 246,81ean dago gaur-gaurkoz, eta 22 puntu igo da atzotik. Gainera, gutxi bada ere, gora egin du herenegundik COVID-19agatik ZIUetan dagoen jende kopuruak: 25etik 28ra igo da zifra. Herenegun baino hamabost lagun gehiago daude COVID-19a dela-eta ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko ospitaleetan (65 denera), eta 27 ospitaleratze izan ziren atzo.