Nuarbetik Pirinioetara, urteroko hitzorduari hutsik egin gabe

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 9a, 11:08
Tourzale kuadrilla Nuarbeko soziedade atarian, joan den asteartean. (Mailo Oiarzabal)

Lau hamarkadatik gora dituen usadioa berrituko dute aurten ere Nuarbeko tourzaleek. Inguruotatik inor gutxi joaten zenean hasi ziren batzuk Pirinioetako etapak bertatik bertara jarraitzen. Tourraren eta zaleen eboluzioaren lekuko eta parte izan dira. Txirrindularitza maite dute, eta are gehiago lagunartean ondo pasatzea.

Astearte buruzuria, eta gizon kuadrilla mahaiaren bueltan Nuarbeko soziedadearen atarian. Ez da ohiko estanpa, baina bai urtean behin bederen gertatzen dena. Frantziako Tourra Pirinioetara iritsiko da datorren astean, eta urteroko irteera antolatu beharra dago. 

Bapo bazkalduta, zerrendak osatzen ari dira; apunteak mahaia babesteko erabili duten paper zuriaren gainean, eta erosketen zerrenda osatzen hasia da Joxe Galarraga Estra beste paper mutur zuri batean. Bera da datorren astean Pirinioetako bi etapak (Saint Larykoa asteazkenean eta Luz Ardidenekoa ostegunean) ikustera joango diren sei lagunetako bat. Gehiago elkartu dira bazkaltzera, baina elkartutako guztiak ez dira joango aurten karrera ikustera, urteren batean edo gehiagotan denak izandakoak diren arren. Txangoan gozatuko dutenaz gain, "pre eta post Tourra ere" ospatzen dituztela azaldu du Luis Gurrutxagak: joan aurreko prestaketa bazkarian izan zirenetako batzuk arduratuko dira, hain zuzen, Tourretik etxera itzultzen diren eguneko afariaz, joango direnentzat zein etxean geldituko direnentzat.

Furgonetarekin sukalderaino

Duela 43 urte joan zen lehen aldiz Nuarbeko kuadrilla Tourra ikustera. Gerora eta gaur egun ere, nuarbetarrak ez ezik, inguruetako lagunak ere batu izan dira eta batzen dira espediziora, baina Nuarben dago kuadillaren hazia eta oinarriko kanpalekua. Urte batzuetan kuadrilla handiagoak, besteetan txikiagoak, batzuetan batzuk eta beste batzuetan beste batzuk, egun gehiago edo gutxiago pasatzera, baina apenas hutsik egin duten Tourrarekin urtero jartzen duten hitzordura.

Aurten autoetan joango dira Pirinioetara; batzuk, gainera, Andorrako etapa ikustera joango dira aurretik. Baina lau hamarkada pasa horietan molde askotako irteerak egin izan dituzte. Urte batzuetan, "egunean bertan joan eta itzuli ere bai, hemendik goizeko bostetan abiatuta". Kuadrilla jendetsuagoa elkartzen zirenean, "bi edo hiru furgoneta" hartuta joaten ziren. Lagun taldeko batzuek Eginen lan egiten zuten, eta haien furgonetak erabili zituzten behin baino gehiagotan. Hala ere, Landetako Neumaticos Anttonek utzitako furgoneta eraman zuten urtean baino dotoreago ez ziren askotan ibiliko. Michelin pneumatikoen propaganda furgonetan nuarbetarrek, eta Michelin garai hartako Tourraren babesle nagusi. Uztarketa borobila, Luis Gurrutxagak kontatu duenez: "Gauzak asko aldatu dira, orain normalean bezperan ixten dituzte errepideak, baina orduan lasterketaren egun berean ere ematen zuten zaleak gailurrera igotzeko aukera. Michelinen furgoneta harekin gu, noraino utziko ote ziguten igotzen. Gendarmeak ikusi, aparkatzen hasi ginen, eta ezetz, haiek, jarraitzeko aurrera. Horrelaxe iritsi ginen lasterketako ibilgailuak aparkatzeko gune ofizialeraino, helmuga ondoan". Tourraren sukalderaino, alegia. "Erregeak bezala", dio Gurrutxagak, lagunen barre artean.

Hori da urte hauetan guztietan pilatu duten pasadizo gogoangarrienetakoa, baina karrokada bat dute kontatzeko: kanpin denda eraman, baina hura zutik jartzeko hesolarik eraman ez zutenekoa; ostatu hartu zuten tokiko labean gas ihesa sortu eta bakarren batzuk sustoa baino gehiago pasatu zutenekoa; Lucho Herreraren Cafe de Colombia taldearen hotel berean ostatu hartu eta taldeko mekanikariek Xixilio Alegriari bizikleta konpondu ziotenekoa; urte hartan Giroa irabazi baina Tourrean ezin batean zebilen Andrew Hampsteni aldapan gora bultzadatxoa eskaini eta estatubatuarrak listua botaz erantzun zienekoa... 2016an gertatutakoa ere ez dute berehalakoan ahaztuko: azken kilometroa seinalatzeko airezko arku erraldoiak azpian harrapatu zituen oilarren taldeko txirrindulari batzuk eta, besteak beste, Adam Yatesi zauria eragin zion aurpegian. Yates ez zen izan, ordea, kaltetutako bakarra: Nuarbekoen taldeko hiru lagun ere azpian harrapatu zituen arkuak. Kolpatuta bai, baina min handirik hartu gabe pasatu zuten sustoa.

Tourzale kuadrillako kideak Gavarnien.

Txirrindularitzak liluratuta

Duela 43 urteko lehen irteera hartan, zazpi lagun joan ziren Nuarbetik Pirinioetara. Bi kotxetan joan ziren, eta iristeko 30 bat kilometro falta zitzaizkiela autoetako bat, "Boniren [Alegria] Dyan 6a", matxuratu zitzaien; Xixilio Alegriak eraman zuen orduan anaiak utzitako autoa. Beste autoan eta txandaka ailegatu ziren halakoren batean Tourmaletera, gailurretik hiru bat kilometrora. "Gauerdi aldera iritsi ginen lehen txandakoak, eta izugarria zen hura: egundoko haitzak, zerua garbi-garbi izarrez beteta, elur paretak ezker-eskubi... Orain apenas ikusten den han elurrik uztailean, baina garai batean bai", gogoratu du Gurrutxagak. Bahamontesen edo Anquetilen abenturak eta ibilerak entzunez eta jarraituz hazitako nuarbetarrak, txirrindulari handi haiek ibilitako tokietara eta lasterketara. Behin joatea otu, eta gaur arte.

Gauza asko aldatu dira urteen joanarekin, baita Tourra ere. Pirinioetako etapetan ikusleen "masifikazioa lautik bat" zen Nuarbetko kuadrilla joaten hasi zenean azken urteetakoarekin alderatuz, dio Joxe Gurrutxagak. Frantziarrak nagusi, eta flandiarrak, herbeheretar kuadrillaren batzuk, espainiarrak bakanago, eta euskal herritarrak orain baino askoz gutxiago. Indurainek bost  Tour erreskadan irabazteak eta Euskaltel taldearen boladak ekarri zuten ikusleen masifikazioa, kontatu dute nuarbetarrek; "telebistaz ikusteko-eta ikusgarriago" izan daiteke egungo jarraitzaile jasa, "baina bertatik jarraitzeko, gehiegitxokoa", diote. Dena den, azken urteetan Pirinioetako zoramena pixka bat "hoztu" egin dela diote; etapak asteburutik aste erdira aldatzeak izan du horretan eragina, eta Euskaltel desagertzeak ere bai.

Urte askotako irteeretan pilatutako esperientzia tarteko, Nuarbetik abiatzen den kuadrilla ere "ikasten" joan da, baina hasierako ilusioa, txirrindularitzarekiko maitasuna eta ohitura onak ez dituzte galdu. Tourra da bidaiaren plater nagusia, baina Pirinioetako bazter ederretan turismoa egiteko ere baliatzen dituzte irteerak. Azken urteetan, "jende berria" joaten denean bereziki, saiatzen dira beti txangoak egiten; toki gehiagotan ere hartu izan dute ostatu, baina Luz Saint Sauveur izan ohi da normalean tourzale kuadrilla honen kanpaleku nagusia, eta Gavarnie inguruak-eta ondo ezagutzen dituzte. Udan Tourrera ez ezik, urte askotan neguan eskiatzera ere joan izan dira asko alde hartara.

Marino Lejarretak 1990ean etapa irabazi zuenekoa, Indurainek hurrengo urtean bere lehen Tourra irabazteko bidean Chiapuccirekin Val Louronen emandako erakustaldia, Euskalteleko Roberto Laisekaren eta Samuel Sanchezen garaipenak... Lasterketari lotutako oroitzapen eder asko gordetzen dituzte nuarbetarrek eta lagunek, eta berriak pilatzeko prest daude. Galdu ez duten ohituren artean, iluntzetako tertulia-xextrak; "haserretzeraino" eztabaidatu izan dute, "beti txirrindularitzaren bueltan, e", baina hurrengo egunerako giroa beti baretuta. Eztabaida sutsu horiek irribarre batekin ekarri dituzte gogora, lagunartearen ezaugarri aldaezina eta aldatzeko gogorik ez dutena dela argi utzita.

Pulamentuzko jan-edana ere bermatuta dute Nuarbeko kuadrillara batzen direnek; Pirinioetara joan aurreko antolaketa bazkaria ez dute alferrik egiten. Urte askoan, Joxe Mari Agote izan zen taldearen gonbidatu eta "sukaldari ofiziala". Kanpin dendaren hesolak etxean utzi eta denda hori nola edo hala zutitu zituztenekoa kontatu dutenean, garagardo kaxa dendaren kanpoaldean zutela aipatu du Luis Gurrutxagak, eta Joxe Gurrutxagari ez zaio pasatu detailea: "Ikusten? Kanpinerako hesolak ahaztu bai, baina garagardoa eramatea ez zitzaien ahaztu, e?".

Bizikletak ere eraman izan dituzte, baita haiekin txirrindulariek igo beharreko mendateak igo ere. Aurten ere asmoa badutela esan du Luis Gurrutxagak, "baina tranpa eginda", erantsi du, bizikleta elektrikoarekin ibiliko dela esan aurretik.