Paella txapelketa eta beste hainbat ekintza, Gaztetxearen 16. urteurrenerako

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 9a, 09:29
Azpeitiko Gaztetxeko kideak 16. urteurreneko egitarauarekin. (Azpeitiko Gaztetxea)

Uztailaren 15ean hamasei urte beteko dira egungo Azpeitiko Gaztetxea ireki zutenetik, eta urtemugaren harira bi egunetako egitaraua antolatu dute Gaztetxeko kideek. Uztailaren 16an parodia eta parrillada egingo dituzte, eta hilaren 17an paella txapelketa, bazkaria, jolasak eta kontzertuak. Azpeitiko No Place taldearen aurreneko emanaldia izango da egun horretan. Dagoeneko eman daiteke izena paella txapelketan.

Azpeitiko Gaztetxeak 16 urte beteko ditu datorren astean, uztailaren 15ean. Hori dela eta, urteroko ohiturari jarraituz, urtemugaren ospakizun festa antolatu dute Gaztetxeko kideek. Iaz bezala, aurten ere ez dute horren ezaguna den baltsa jaitsierarik egingo, "ibai ertzeko jende pilaketak saihesteko". Baina hala ere, egoerara moldatutako egitaraua antolatu dute, bi egunetakoa, gainera.

Uztailaren 16rako eta 17rako antolatu dituzte hamaseigarren urteurrena ospatzeko ekintzak. Hilaren 16an, ostiralez, parrillada eta parodia egingo dituzte plazan. Parrillada 20:30ean hasiko da eta parodia 22:30ean. 

Larunbaterako, paella txapelketa

Larunbaterako, aldiz, egun osoko egitaraua antolatu dute. Urte luzez baltsa jaitsiera egin izan dute Azpeitiko Gaztetxeko kideek, eta ohitura horrekin jarraitzeko asmoa duten arren, aurten bigarren urtez jarraian, baltsa jaitsiera ez egitea erabaki dute, ibai ertzean jendea pilatzeko arriskua zegoela ikusita. Hori dela eta,  "jendeak parte har zezakeen beste ekintza bat" antolatzea pentsatu zuten, eta azkenean paella txapelketa egitea erabaki dute. Gaztetxeko kideek azaldu dute urteurreneko ekintza guztiak "ezarritako neurriak errespetatuz" egingo dituztela, eta protokoloa ere zehaztu dute. 

Paella txapelketa 11:00etan hasiko da, eta Gaztetxeko kideek jarriko dituzte osagai nagusiak: arroza, olioa, gatza, ura eta sua. Beraz, parte-hartzaileek beren sukalde tresnak eraman beharko dituzte, baita arrozari bota nahi dizkioten bestelako osagarriak ere. Gehienez sei pertsonako taldeetan eman daiteke izena txapelketan, eta ezinbestekoa izango da maskara erabiltzea ekintzak irauten duen bitartean. Bertan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena uztailaren 15a baino lehen, azpeitikogaztetxie@gmail.com helbidera idatzita. Gaztetxeko kideek jakinarazi dute parte-hartzaile kopurua mugatuta egongo dela, eta horregatik ezinbestekoa dela aurrez izena ematea. 

Ondoren, 14:30ean, bazkaria egingo dute Gaztetxean, sei laguneko taldeetan banatuta. Paella txapelketan parte hartzen ez dutenek ere bazkarira joan ahalko dute, haientzat paella prestatuko baitute Gaztetxeko kideek. Horrez gain, postrea eta edatekoa ere emango dute otorduan. Hori bai, bazkarira joan nahi dutenek txartelak erosi beharko dituzte aurrez. Bazkalostean, berriz, jolasak egingo dituzte, horiek ere osasun neurriak eta irizpideak errespetatuz.

Azpeitiko bi musika talde, oholtzara

Urtemuga ospatzeko egitaraua borobiltzeko bi kontzertu antolatu dituzte, eta Gaztetxeko oholtzara igoko diren bi musika taldeak Azpeitikoak izango dira. Hain zuzen, Istilu eta No Place musika taldeek eskainiko dituzte zuzenekoak 21:00etan hasita. Istilu duela bi urte inguru sortu zen, eta hainbat eta hainbat kontzertu eman ditu Euskal Herriko zenbait txokotan. No Place taldeak, aldiz, estreineko kontzertua eskainiko du hilaren 17an Azpeitiko Gaztetxean. 

Hilaren 17ko ekintzetan parte hartzeko txartelak eskuratzea ezinbestekoa izango dela adierazi dute Gaztetxeko kideek. Egun osorako txartela zortzi euro ordaindu beharko dute ikasleek eta langabeek; landunek, aldiz, hamar euro. Kontzertuetara soilik joan nahi dutenek bost euro ordaindu beharko dute sarrera. Txartelak aurrez Haginpe tabernan eta egunean bertan Gaztetxean egongo dira eskuragarri.