Biele enpresa zoriondu du udalak lan munduan euskararen normalizazioa bultzatzeagatik

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 8a, 14:06

Bielek euskararekiko duen konpromisoa eskertzeko haien egoitzan izan dira Azpeitiko Udaleko eta Eleguneko ordezkariak. Gainera, Zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu du enpresak.

Azpeitiko Udalak Biele ingenieritza enpresa zoriondu du lan munduan zein industrian euskara bultzatzeko duen konpromisoagatik eta egiten duten lanagatik. Horregatik, gainera, Zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu du Azpeitiko enpresak. Gaur, osteguna, Bieleren egoitzan izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Ainara Larrañaga udaleko Euskara batzordeburua eta Nerea Arexolaleiba Eleguneko teknikaria. Txomin Andonegi Bieleko gerentearekin, Maider Aizpuru kalitate arloko nahiz Euskara Mahaiko arduradunarekin eta Neritz Karrera eta Xabi Arozena Euskara Mahaiko kideekin elkartu dira udal ordezkariak.

Alkortak azaldu duenez, enpresek beren egunerokoan euskaraz egin dezaketela frogatu dute Bielekoek: "Industrian ere euskara lan tresna dela ikusten da zuen enpresan, eta Azpeitiko zein Euskal Herriko enpresa askorentzat eredu zarete". Larrañagak ere ildo beretik hitz egin du, eta enpresako arduradunen zein langileen inplikazioa nabarmendu du: "Txalotzekoa eta baloratzekoa da egin duzuen ahalegina, ausardiaz hartu dituzue erabakiak, eta aldaketetarako prestutasuna erakutsi duzue. Bikain ziurtagiria ateratzeko nabarmena da zuzendaritzak zein langileek inplikazio handia izan duzuela. Izan ere, horrek erakusten du euskara lan prozesu guztien erdigunean jarri duzuela, eta kudeaketarako zein lanerako hizkuntza bihurtu duzuela. Horrek erreferentzialtasuna ematen dio hizkuntzari, eta zuen zerbitzuarentzat balio erantsia da".

Andonegik, bestalde, Bielek Bikain ziurtagiria jasotzeak duen garrantzia azpimarratu du: "Euskara naturaltasunez erabiltzen dugu lanean, baina ziurtagiria lortzea jende askoren lanari errekonozimendua egitea da". Horrez gain, Aizpuruk Elegune zerbitzua "eredugarria" dela azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkio Arexolaleibari bere lanagatik: "Elegune oso laguntza baliagarria eta ona da; Bielerentzat ezinbestekoa izan da ziurtagiria ateratzerako".

Elegune Euskara Patronatuak enpresei eskaintzen dien programa bat da. Zerbitzu profesionala eta integrala eskaintzen ditu, eta enpresetan euskarari dagokion tokia eta funtzionaltasuna aurkitzeko, laguntza eta baliabideak eskaintzea da bere eginkizuna. Besteak beste, euskara planak gauzatzen ditu enpresetan.