Koronabirusa Azpeitian

Bi positibo jakinarazi ditu Osasun Sailak Azpeitian

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 8a, 12:58

Osasun Sailak herenegun baino sei positibo gehiago atzeman zituen atzoko probetan Urola Kostan. Hego Euskal Herrian 900 kasu baino gehiago zenbatu dituzte, baina ospitaleek egonkor jarraitzen dute.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi jakinarazi du txosten bidez, atzo, asteazkena, PCR eta antigeno testetan herriz herri zenbat kasu positibo atzeman zituen. Datuen arabera, Azpeitian bi positibo baieztatu zituzten atzo Osasun Sailak. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak beste puntu batzuk egin du behera, 243,10etik 223,39ra jaitsi baita. Dena den, Azpeitia eremu horian dago egun.

Azkoitia, Zumaia, Zarautz, Aia, Aizarnazabal eta Orio artean hauteman dituzte gainerako positiboak. Azkoitian hamar positibo baieztatu dituzte, Zumaian zortzi, Zarautzen sei eta bana Aian, Aizarnazabalen eta Orion. Intzidentzia tasari dagokionez, Zumaian dute daturik okerrena. Eremu gorrian sartuta jarraitzen dute han, 732,68ko tasarekin. Zarautz, Azkoitia eta Orio dira eremu horian daude eskualdeko beste herri nagusiak; Zarautzen 248,43ko tasa dute, 175,25ekoa Azkoitian eta 130,46koa Orion. Aian –50,38– eta Aizarnazabalen –260,08– ere intzidentzia tasak gora egin du herri bakoitzean positibo bana zenbatuta. Zestoan, bestalde, 154,08koa da datu horren zenbatekoa.

Positiboak gora, ospitaleak egonkor

Hego Euskal Herrian ere datuak mardulak dira gaurkoan. 900 positiboko langa –905 positibo zehazki– gainditu zen atzoko egunean Bizkaiko 294, Gipuzkoako 260, Nafarroako 256, Arabako 62 eta lau lurralde horietatik kanpo bizi diren 33 kasu positiborekin. Nafarroako positibotasun tasak altua izaten jarraitzen du egun. 1.811 PCR eta antigeno test egin zituzten eta tasa %14,1ean kokatu zen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bestalde, %7an dago positibotasun tasa 9.260 proba egin ondoren.

Positiboak gora egiten ari diren arren, oraingoz Osakidetza ez da ospitaleetan gaixoak pilatzen ari. Izan ere, zainketa berezia behar duten pertsonak 25 dira gaur, atzo bezala. Hemezortzi pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren mendeko erietxeetan, eta egun 50 lagun dira ospitalean daudenak, atzo baino bat gutxiago. Gaixotasunaren zabalkundea adierazten duen oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizeak, berriz, behera egin du, eta 1,45ean dago gaur. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak 21 puntu egin zuen gora atzo, eta 224,71koa da gaur-gaurkoz.