Kultur ekintza ugari antolatu dituzte uztailerako 'Azpeitia bizi' lelo hartuta

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 8a, 12:04
Kantujirako kideak, artxiboko irudi batean.

Azpeitiko Udalak eta hainbat eragilek ekintzak antolatu dituzte datozen asteetarako. Besteak beste, kontzertuak, hondarrezko eskulturen tailerra eta magia ikuskizuna antolatu dituzte uztailaren 27a bitarterako. Egitarau horren barruan, gaur arratsaldean Kantujirako kideen emanaldia izango da plazan. 

Azpeitia bizi lelo hartuta, askotariko kultur ekintzak antolatu dituzte Azpeitiko Udalak eta zenbait eragilek uztailaren 27a bitarterako. Hori dela eta, haurrentzako ekintzak, kontzertuak, dantza emanaldiak, magia ikuskizuna eta beste hainbat ekintza izango dira datozen asteetan herriko hainbat txokotan. Horiek guztiak "beharrezko protokolo eta segurtasun neurriak hartuta" egingo dituztela jakinarazi du udalak.

Aste honetan, esaterako, Kantujirako kideen emanaldia eta Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruko Itsasiren eta Sahatsaren emanaldiak izango dira. Kantujirako kideak gaur arratsaldean aterako dira plazara, eta 19:00etan hasita emanaldia eskainiko dute plazan bertan. Zapatuan, hilak 10, Matalaz ikuskizuna eskainiko dute Sahatsako kideek Soreasu antzokian, 19:00etan hasita. Igandean, aldiz, Itsasiko dantzarien txanda izango da. Haiek ere Soreasun eskainiko dute emanaldia, 19:00etan hasita. 

Azpeitiko Udalak eta zenbait eragilek saninazioak bertan behera uztea erabaki dute, "jende pilaketak ekiditeko helburuarekin". Hori dela eta, ekintzak uztailean zehar egingo dituzte. "Jakinarazi bezala, festak bertan behera uztea erabaki dute festetan ekintzak antolatu ohi dituzten eragileek eta udalak adostasun zabalarekin, jende pilaketak ekiditeko helburuarekin. Hala, festetako hainbat ekintza uztailean egingo dira eta egitarau erakargarria antolatu dugu herritarrek aisiaz goza dezaten”, adierazi du Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak.

Erakundeak azaldu duenez, herritarren osasuna zaintzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte uztailean zehar egingo dituzten ekintzetan. Beraz, aforoa mugatuta egongo da ekintza guztietan. Dagoeneko har daitezke ekintzetarako gonbidapenak kulturaz.eus webgunean. Aretoz kanpo egingo dituzten ekintzetarako ere gonbidapenak aurrez hartu beharko direla jakinarazi du udalak, eta horiek datozen egunetan jarriko dituzte eskuragarri. 

Hona hemen Azpeitia Bizi egitarauaren barruan antolatu dituzten ekintzak:

Uztailak 8, 19:00etan, plazan: Kantujira emanaldia.
Uztailak 10, 19:00etan, Soreasun: Azpeitia Dantzan: Sahatsaren Matalaz.
Uztailak 11, 19:00etan, Soreasun: Azpeitia Dantzan: Itsasi.
Uztailak 14, 21:00etan, Basazabalen: Udako musika printzak.
Uztailak 16, 18:00etan, Sanagustinen: Txiki Rock.
Uztailak 17, 18:00etan, Sanagustinen: Viva Belgrado eta Rö taldeen kontzertuak.
Uztailak 18, 12:30ean, Sanagustinen: Musika Eskolako ikasleen eta Luix Beltza eskolakoen ikuskizuna.
Uztailak 20, egun osoan, Betharram eta perdilegin: Jolas parkeak.
Uztailak 21, 19:00etan, Frontoi Txikian: Hodei magoaren ikuskizuna.
Uztailak 22, 11:30ean, Plazan: Hondar eskultura tailerra.
Uztailak 22, 19:30ean, Plazan: Musika Eskolako txistulariak eta Banda Gaztea
Uztailak 22, 21:30ean, Plazan: Pasodobleen kontzertua Udal Musika Bandaren eskutik. 
Uztailak 23, 20:00etan, Sanagustinen: Broken Brothers Brass Band taldearen kontzertua.
Uztailak 27, egun osoan, Betharramen: Ur parkea haurrentzat.