Zabalik da Basazabal jauregiko turismo bulegoa

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 8a, 11:12
Basazabal jauregiko turismo bulegoa.

Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara nahiz 16:00etatik 19:00etara izango da zabalik; eta igandeetan zein jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara. Herrian bisita daitezkeen eraikinen, naturguneen nahiz bestelakoen gaineko informazioa eskainiko dute bulegoan. 

Uda sasoian sartuta, zabalik da Azpeitiko Udalaren turismo bulegoa. Basazabal jauregiko beheko solairuan dago kokatuta gunea, eta asteartetik igandera bitartean egongo da irekita. Zehazki, asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara nahiz 16:00etatik 19:00etara izango da zabalik; eta igandeetan zein jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara. Udalak azaldu duenez, gero eta nabariagoa da turisten eta bisitarien presentzia herrian, eta horiek Azpeitia ezagutzeko dituzten aukeren berri emateko ireki dute herrigunean turismo bulegoa.

Herrian bisita daitezkeen eraikinen, naturguneen nahiz bestelakoen gaineko informazioa eskainiko dute bulegoan. "Loiola, Izarraitz, Soreasuko Sebastian Donearen parrokia, Izarraizko Atea parkea, Basazabal zein hainbat naturgune nahiz ondare historikoa ditugu herrian. Herri bizia gara, eta bizitzeko moduko herria dugu. Euskaraz gorde dugu altxorra, eta euskaraz bizi gara herriko plazan", azaldu du Azpeitiko Udalak. Horrez gain, oinezkoentzat egokitutako plazan Sanagustin kulturgunea, udaletxea nahiz Azoka Plaza ere bisitatzeko moduko lekuak direla gogorarazi du erakundeak: "Bada zer ikusia, zer sentitua eta zer bizitua gure herrian, eta guzti horren berri emango du udan turismo bulegoak".