Lizarrara egun pasa eta Meaga-Zumaia mendi buelta antolatu ditu Baigerak uztailerako

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 5a, 11:36

Uztailaren 22an egingo dute Lizarrara egun pasa, eta hilaren 24an izango da Meagasetik Zumaiara egingo duten mendi buelta. Bi txangoetarako izen-ematea zabalik dago. Iaz Portugalera egitekoak ziren bidaia aurtengo irailean egingo dute.  

Pandemia tarteko, geldirik egon da Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunen Baigera elkartea, baina "egoera buelta ematen hasi denez", uztailerako bi txango antolatu dituzte. Hain zuzen, uztailaren 22an Lizarrara ibilaldia egingo dute, eta uztailaren 24an mendi buelta Meagatik Zumaiara. 

Hilaren 22an egun pasa egingo dute Lizarrara, eta 08:30ean irtengo dira Azpeititik. Hilaren 24an, aldiz, egun erdiko mendi buelta egingo dute Meagatik Zumaiara. Lineako autobusean abiatuko dira Azpeititik, hain zuzen, 09:20ean Azpeititik ateratzen den autobusean. 

Bi ekintza horietan parte hartu nahi dutenek Baigeraren bulegora deitu edo elkarteko kideekin jarri beharko dute harremanetan ekintzetan izena emateko. 

Portugalera bidaia, irailean

Joan zen urtean Portugalera bidaia antolatu zuen Baigera elkarteak, baina pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuten. Orain, ordea, "bidaia egiteko modua" ikusten dutenez, "besterik ezean" irailaren 19tik 25era egingo dute irteera. Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, oraindik badaude leku batzuk, eta norbaitek Portugalera joatea nahiko balu, Azpeitiko Halcon bidaia agentziara joan beharko du.