Berriz ere uzta izan dezaten

Julen Otaegi Leonet (Gipuzkoako Hitza) 2021ko uzt. 3a, 09:00
Eneka Lazkano Solaka baserriko okina, aste honetan, aurten landatu berri duen gari soroan. (Julen Otaegi Leonet)

Errezilen aspaldi galdu zen garia ereiteko ohitura. Zazpi gari mota zahar landatu dituzte Gipuzkoako zenbait okinek, garai bateko gari horiek berreskuratzeko helburuarekin.

56 urte igaro dira Errezilen azkenekoz garia erein zutenetik. Garai hartan, ez zen sororik gabeko baserririk Hernio inguru hartan. Apurka-apurka, baina, soroak larre bihurtu ziren; Lizarreta Errota baserrian erein zuten azkenekoz garia. Bost hamarkadatako etenaldia izan da, eta, orain, zaharrak berri: antzinako ohiturak bueltan dira berriz ere.

Eneka Lazkano eta Xabier Odriozola okinak, azpeitiarrak eta Errezilgo Solaka baserrikoak, buru-belarri ari dira galdutako gari motak ereiteko lanetan. Hazitik Ogira izena dauka Gipuzkoako hainbat okin elkartu diren egitasmoak. Lazkanok azaldu duenez, galdu egin dira hazi horiek, eta galdu jakinduria ere. “Azken finean, gariaren tradizio guztia galdu da, eta horri eutsi nahi genion guk. Hemengo gari zaharra berreskura ote genezakeen jakin nahi genuen guk”.

Errezilgo Solakakoak ez ezik,  Errezilgo Iruretxikiko eta Sosolako okinak –Eibarko baserri bat da azken hori ere– batu dira Hazitik Ogira proiektura. Leartiker berrikuntza gunearen eta Neiker zentroaren laguntza ere badute, haziak eskuratzeko eta uzta ikertzeko.

Madrilgo hazi biltegi batetik ekarri dituzte Gipuzkoako zazpi gari mota, jada galduak zeudenak. Bakoitzetik zakutxo bana ekarri dute, besterik ez. Solaka baserrian, Lazkanori eta Odriozolari lau gari mota egokitu zaizkie: Gipuzkoa 1, Gipuzkoa 2, Gipuzkoa 3 eta Motxo. Eskukada bana aldatu dute, beste gari mota moderno batekin batera —erreferentzia gisa balio du azken horrek, ondo hazten den bermea izanik, gari zaharrarekin alderatzeko—.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoa.hitza.eus webgunean.