Udaletxeko teilatuan eguzki plakak jartzen ari dira

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 1a, 12:06
Udaletxeko teilatuan eguzki plakak jartzeko lanak hasi dituzte dagoeneko.

Astebete inguruz, udaletxeko arkupeetan obretarako makina eta itxitura izango dira. Udalak azaldu duenez, trantsizio energetikora bidean pauso bat gehiago dira obrak. Ekilor enpresa ari da plakak jartzen, eta lan horrek 80.604,3 euroko kostua izango du.

Udaletxeko teilatuan eguzki plakak jartzeko lanak martxan jarri ditu Azpeitiko Udalak. Hain zuzen ere, 129 eguzki panel jarriko dituzte datozen egunetan eraikinaren teilatuan, eta astebete inguruz, udaletxeko arkupeetan obretarako makina eta itxitura izango dira. Dena den, udalak jakinarazi duenez, egin beharreko lanen arabera, horiek lekuz aldatu eta eremua egokitu egingo dute.

Ekilor Energias Renovables SL enpresa ari da lanak gauzatzen; izan ere, lehiaketa publikoa enpresa horrek irabazi zuen. Obren inbertsioa 80.604,3 eurokoa izango da. Udalak azaldu duenez, trantsizio energetikora bidean pauso bat gehiago dira obrak: "Autokontsumorako bide bat gehiago sortzeko helburuz jarriko ditugu eguzki plakak, eraikinerako beharrezkoa den energia bertan sortzeko".