Gelato Festival World Mastersaren final handirako sailkatu da Fernando Alberdi

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 30a, 13:25
Fernando Alberdi. (Gelato Festival World Masters)

Espainiako finalean bigarren sailkatu da Getariako Dona-Doni izozki dendako azpeitiarra, eta mundu mailako finalean beste 35 izozkigilerekin lehiatzeko txartela eskuratu du. Italian izango da final hori, datorren abenduan. "Ez nuen espero, benetan, baina pasatu egin gara", dio Alberdik. Lorpenaren neurria azaltzeko adibidea ere jarri du: "Lagun Onakek urte batez Lehen Mailan jokatzearen parekoa da".

Izozkigileen Olinpora iritsi da Fernando Alberdi. Bere Mango Ezpeleta izozkia bigarren sailkatu da Gelato Festival World Mastersaren Espainiako finalean, eta izozkigintzako munduko txapelketatzat har daitekeen lehiaketa horren final handian lehiatzeko txartela eskuratu du  Getariako Dona-Doni izozki dendako azpeitiarrak.

Abenduan izango da Gelato Festival World Mastersaren 2021eko mundu mailako finala, eta hainbat herrialdetako beste 35 izozkigilerekin lehiatuko da Alberdi han. Espainiako finalean ariko zela jakin zuenean esandakoa berretsi du Alberdik: "Ez nuen espero, benetan, baina pasatu egin gara".

Urduritasuna areagotuta

Atzo jakinarazi zituzten mastersaren Espainiako finalaren emaitzak Boloniako (Italia) Gelato Museumean. Han ari dira egiten herrialdeetako finalak, eta bakoitzetik lehen bi sailkatuak igaroko dira final handira. Herenegun dastatu zituen epaihamaiak Espainiako 11 finalisten izozkiak, eta atzo jakinarazi zuten epaia: Cadizeko (Andaluzia, Espainia) La Cremería Gelato Italianoko Carlo Guerrierorentzat izan da lehen postua, eta Alberdirentzat bigarrena. Mundu mailako finalerako lehian zeuden bi txartelak horientzat izan dira, beraz.

Koronabirusaren pandemia tarteko, izozkigileek ezin izan dute Italiara joan; hango izozkigile maisuak izan dira finalistek bidalitako osagaiekin, errezetarekin eta jarraibideekin izozkiak egin dituztenak. Azken emaitza beretzat oso ona izan den arren, azpeitiarrari ez zaio gustatu esperientzia: "Herenegun, bideokonferentzia bidez ikusi ahal izan nuen hango maisu izozkigile batek nire izozkia nola egiten zuen. Kamera inguratzen zidan berak, nola eta zertan ari zen erakusteko, baina nik ez nuen ondo ikusten, ez zenbat produktu ari zen botatzen, ez nahasten zuenean nola gelditzen zen; webcam batekin aritu ginen eta ez zen behar bezala nabaritzen". Alberdik aitortu du ez zuela ondo pasatu, baina umorez hartu du hori ere: "Lagun bati esan nion agian nik baino okerrago egingo zutela, eta hark erantzun zidan 'igoal hobeto egingo ditek, Fernan'. Eta agian horixe gertatu da".

Horregatik, abenduko finala presentziala izatea espero du Alberdik. "Azken final hau antolaketa aldetik oso ondo prestatu dute, baina, hala ere, uste dut horrelako finalak ezin direla azkena egin duten bezala egin", dio. Izan ere, horrelako lehiaketetan berez bizi duten tentsioaz eta ezinegonaz gain, Gelato Festival World Mastersaren mundu mailako finalerako sailkapeneko finalean izozkigileek beste izozkigile batzuen esku utzi behar izan dituzte beren sormenak, epaimahaiari aurkeztu beharreko izozkiak haiek egin zitzaten.

Helburuak aski beteta

"Txapelketa hauetan hor ibiltzen naiz beti, bigarren, hirugarren... lehenen, behin ere ez", dio Alberdik. Orain arte egindako bidearekin eta lortutako emaitzekin helburuak aski bete dituela sentitzen du Dona-Doniko izozkigileak. Gelato Festival World Mastersaren finalean sariren bat lortzeko "aukerarik ez" duela ikusten dio, seguru; "ikastera" joango da, eta "lan ona" egitearekin konformatzen da. Finalean egotea bera lorpen itzela iruditzen zaio. "Lagun Onakek urte batez Lehen Mailan jokatzearen parekoa da", egin du alderaketa; "barregarri ez bagara gelditzen, nahikoa", gaineratu du.

Orain arteko lehiaketa, kanporaketa eta final guztietan bezala, Mango Ezpeleta izozkia aurkeztuko du Alberdik abenduko finalean ere: "Ez dut uste aldatzen utziko didatenik. Neuk ere ez dut uste aldatzeko unea denik, baina bai hobetzeko, Badaude hobetu daitezkeen gauzak, eta horretan saiatuko gara hemendik abendura bitartean".

"Gustura" dago Alberdi, eta oso eskertuta ere bai azken orduetan jasotzen ari den zorion mezuekin: "Gremioko jende askok zoriondu nau eta asko pozten nau horrek". Uda ia osoa aurretik duela, datozen hilabeteetan Getariako saltokian lanik falta ez izatea da azpeitiarrak orain espero eta desio duena.