Albergaren ur biltegia berritzen ari da udala

Julene Frantzesena 2021ko eka. 30a, 10:22
Albergaren biltegia berritzen hasi dira dagoeneko.

Biltegia Txaribar kaleko bigarren zenbakian dago kokatuta, eta besteak beste, biltegi horren estalkia, etxaurreko hormak eta Komuntzo ondoko baratzeetara joateko eskailerak garbitu, berritu eta konponduko dituzte. Herriko ondare historikoa zaintzeko eta babesteko ari da lanak gauzatzen erakundea.

Albergaren ur biltegia berritzeko lanak hasi ditu Azpeitiko Udalak. Albergara ura iristea ahalbidetzen duen biltegia zaharberrituko du erakundeak, herriko ondare historikoa zaintzeko eta babesteko. Biltegia Txaribar kaleko bigarren zenbakian dago kokatuta, eta besteak beste, biltegi horren estalkia, etxaurreko hormak eta Komuntzo ondoko baratzeetara joateko eskailerak garbitu, berritu eta konponduko dituzte. Lanak Urola SL enpresak egingo ditu, eta horiek 28.380,14 euroko aurrekontua dute.

Alberga herriko ondare historiko eta turistikoa da gaur egun. Dena den, 1842. urtean Jose Jabier Olazabalek eraiki zuen garbitoki publikoa, Soreasuko Sebastian Donearen Parrokiaren ondoan. Izan ere, orduan ez zen ur hornidurarik etxeetan, eta herrigunean bizi ziren herritarrek ez zuten errekarik eskura. Estilo neoklasikoa du albergak; zehazki, estilo hori duen garbitoki bakanetakoa da Azpeitikoa.