Azpeitiak zortzigarrenez jantzi du Gipuzkoako Herriarteko txapela

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 26a, 19:42

Azpeitiak Oiartzunen kontra jokatu du eskuzko Herriartekoaren final handia gaur arratsaldean, Idiazabalen. Emozioz betetako finala izan da, azken partidan erabaki baita dena. Kadeteetan Oiartzun izan da nagusi, eta jubeniletan eta seniorretan Azpeitia. Gainera, aspaldiko partez, zaleak izan dira harmailetan.

Azpeitiko pilotariek ez dute hutsik egin gaur arratsaldean Idiazabalen, Gipuzkoako Herriartekoaren finalean. Oiartzuarrak mendean hartzeko intentzioarekin atera dira frontoira, eta bi partida irabazita, beste txapel bat herriratzea lortu dute Ilunpeko pilotariek; zortzigarrena, hain zuzen.

Final gogorra izan da, tentsioz eta emozioz betetakoa, azken partidan erabaki baita guztia. Sekulako gozatua hartu dute Idiazabalgo pilotalekuan sartzeko ohorea izan duten herritarrek, gaur, aspaldiko partez, harmailetan izan baitira ikusleak.

16:30ean hasi da jaialdia, eta kadeteen txanda izan da aurrera. Beñat Labakak eta Urtzi Egigurenek jokatu dute Azpeitiaren izenean. Ezin izan diete irabazi Oiher Zabalari eta Unax Landari, baina ez saiatu ez direlako. Oiartzuarrak ziren faborito, baina azpeitiarrek hortzak erakutsi dizkiete aurkariei, atzean zein aurrean. Oiartzuarrak hasieratik aurreratu dira markagailuan eta sei tanto aurretik ere jarri dira partidaren lehen erdian. Partida hautsi zitekeela zirudien arren, azpeitiarrek ez dute amorerik eman, eta hamabigarren tantoan partida berdintzea lortu dute, baita uneren batean aurretik jartzea ere. Azkenean, 18 eta 22 oiartzuarrentzat izan da partida.

Jubeniletan, berriz, Iker Egigurenek eta Jakes Elosegik jokatu du Azpeitiaren izenean, Xabat Olaiz eta Xabier Aburuzaren kontra. Azpeitiarrak ziren faborito, eta azpeitiarrak izan dira nagusi, 22 eta 12. Partida guztian aurretik izan dira Ilunpeko pilotariak, baina lan egin behar izan dute garaipena lortzeko. Kadeteena baino partida arinagoa eta motzagoa izan da, baina ederrik ere utzi dute ikusleen gozamenerako. 

Oiartzunek lehen partida eta Azpeitiak bigarrena irabazita, dena airean zela iritsi dira seniorren norgehiagokara. Unai Alberdik eta Daniel Murgiondok ordezkatu dute Azpeitia; Andoni eta Iñigo Ugaldek Oiartzun. Faborito argirik gabe ekin diote lehiari, baina berehala jarri da markagailua gorri, azpeitiarren aldera, eta partida guztian Ilunpeko pilotariak joan dira aurretik. Hasiera gogorra izan du partidak, tanto bakoitza gorputz eta arima lehiatu dute lau kirolariek, baina,  pixkanaka, markagailuan oiartzuarrekiko aldea handitzen joan dira Ilunpekoak. Azkenean, 22 eta 11 bukatu dute partida. 

Horrenbestez, final handia irabazita, Azpeitiak zortzigarren aldiz jantzi du Gipuzkoako Herriarteko txapela. Azkenekoz 2018an jantzi zuen, orduan ere Oiartzuni irabazita. 2019an, aldiz, finalera sailkatu bai, baina ez zen Astigarragarri irabazteko kapaz izan. Aurretik, 2004an, 2008an2010ean, 2015ean, 2016an eta 2017an jantzi zuen Herriartekoaren txapela. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia, baita txapelketaren ibilbide osoan lau txapel jarraian eskuratu dituen herri bakarra da.

Erlazionatuak

Herriartekoaren finala, argazkitan

Aitziber Arzallus 2021 eka 26 Azpeitia