Zerk poztuko ote duen bizitza

Julen Otaegi Leonet 2021ko eka. 24a, 15:30
Manex Beristain, Ane Olaizola eta Jon Alberdi. (Julen Otaegi Leonet)

Datorren asteartean eskainiko dute laugarrenez Bizitzari Keinu Bat saioa Manex Beristain, Jon Alberdi eta Ane Olaizola azpeitiarrek. Bizipoza jorratuko dute bertan.

"Heriotzaz bezala, jendeak badu beharra bizitzaz hitz egiteko, hainbeste gauza gertatzen diren horretaz". Kaña eskuetan duela, Jon Alberdi (Azpeitia, 1970). Harekin dira Manex Beristain (Azpeitia, 1977) eta Ane Olaizola (Azpeitia, 1983). Zuritoa batek, kafesnea besteak. Zurrutaden artean, hirukoteak bizitza bera du hizpide.

Aurretik, heriotza ere landu dute Death Cafe tertulietan –Beristain eta Alberdi haietan ibilitakoak dira–. Baina "haria mozteko" garaia iritsi dela azaldu du Beristainek. Bizitzari Keinu Bat saioekin zerikusirik ez dutela dio, bien arteko harremana estua bada ere.

Ez da kontu berria haientzat. Lagunarteko solasaldietan hasi ziren bizitzaren gaiari tiraka, eta, unea iritsi zenean, Alberdik eta Beristainek bizitzaz hausnartzeko espazioa sortzea erabaki zuten, beste hainbatekin batera. Bizitzari Keinu Bat izenpean, taldean bizipenak partekatzeko dinamikari ekin zioten joan den abenduan. "Eman horretan ere jaso egiten dugu", dio Alberdik.

Bizitza bera "ospatzeko" tartea eskaintzen dute saioek Beristainentzat, askotan halako momentuak hartzea "ahaztu" egiten baita: "Egia esan, ez dakit zerk pisatzen duen gehiago bizitza honetan, bizitzak berak edo heriotzak. Horri buelta emateko prest al gaude?". Saioz saio alderdi anitz jorratzen dituzte, begiak irekitzen joateko.
Azken horixe da dinamikaren helburua, norbera denaz eta egiten duenaz ohartzea. Jendea itsututa bizi dela gehitu du Alberdik: "Automatismo batean bizi gara. Ez gara konturatzen zer egiten dugun, eta arreta jartzen dugun unetik, beste ikuspegi bat lortuko dugu. Bizipenezko ariketen bidez, ahalik eta gehien azaleratu behar da kontzientzia maila".

Dagoeneko hiru saio egin dituzte. Maiatzean egindakoan, egunerokotasunaren erritmoaz aritu ziren, "arrapaladan" bizitzeaz eta horrek zoriontsu izateko dakartzan oztopoez. Laugarren saioa datorren asteartean eskainiko dute Azpeitiko Sindikatu Zaharrean, 18:00etan. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, 635 75 39 85 telefono zenbakira deituta (Manex). Azpigaia zehaztuta dute: bizipoza.

Erosotasunetik at

Tartetxoa hartu du hirukoteak bizipozaz hausnartzeko. Beristain izan da lehena hitza hartzen, garagardo arteko giroa duela abiapuntu: "Egunerokotasunean badela uste dut ur azaleko bizipoza, terraza batean, lagunekin poteoan. Baina nahiago dugu ur sakonetara jaistea; hor dago gakoa". Askorentzat erosoa ez bada ere, arnasa hartu eta hondorantz jaistea beharrezkoa dela dio hark.

Olaizolak ere berdin deritzo, ikasteko azaletik haratago joan behar dela: "Bizipenetik dator integrazioa. Bizitzen duzunean egiten duzu ikasketa. Azalekoa da gainontzeko guztia". Taldera batu berria da Olaizola, Bizitzari Keinu Bat egitasmoan biodantza saioak eskainiko dituelarik. "Biodantza teknika bat da, pertsonen alderdi positiboan arreta jartzen duena. Bakoitzak bizi duen horri bultzada eta indarra ematea da helburua".

Musikaren eta dantzaren bidez, "gorputz kontzientzia" bereganatzen joaten da norbera. Izan ere, saioak taldean egiten badituzte ere, biodantzak dantzari bakoitzari sentipen desberdinak "esnatzen" dizkiola azaldu du Olaizolak. "Norberak esango du 'zer da bizitza ematen didana gaur, hemen?'".

Halere, pertsonen arteko harremana ehuntzea saihetsezina da biodantza saioetan. "Izaki sozialak" izanik, saio hori jendea elkartzeko espazioa dela dio Olaizolak: "Pertsonen potentziala ezagutzeko eta garatzeko tartea da. Elkarrengandik ikasten dugu; gure izaerarekin bat egiten duen zerbait da biodantza".

Musika eta dantza ez ezik, orainaldia ere berebiziko osagaia da saio horietan. Beristainentzat momentuan kokatzea beharrezkoa da norberaren errealitateaz jabetzeko: "Oso gutxitan zentratzen gara orainean. Beti gaude buruan dugula lehen zer egin dugun, gero zer egingo dugun. Horrela bizi gara, nahiz eta jakin existitzen den bakarra oraina dela. Aukera hori izatea eskertzekoa da".

Orainaz jabetzea

Bizitzari Keinu Bat egitasmoak unean unekoa, bat-batekoa behar duela izan azaldu dute hirurek. Parte hartzaileek aldez aurretik ariketak-eta pentsatuta eramatea saihesteko, nahiago izan dute bertan egiten dutena zehazki ez azaltzea. Alberdik arrazoitu du erabakia: "Ez da sekretua gordetzeagatik, sorpresa izan behar du. Saioan bertan jakingo dute zein den ariketa. Eta egin behar duena egingo du norberak".

Datorren asteko biodantza saioan zer egingo duten ez dakite Alberdik eta Beristainek. Asmoaz eta helburuaz hitz egin dute Olaizolarekin, zehazki zertan datzan galdetu gabe. "Bestela, batek baino gehiago koreografia prestatuta ekarriko du", dio txantxetan Beristainek.

Olaizolak ere ez du gehiegi esan nahi izan: "Taldean sortzen den ekintza da, une konkretu batean talde batean soilik sortzen den harremana".

Jada ez da zaie geratzen ez garagardorik, ez kaferik. Esan dute esan beharrekoa. Asteartean elkartuko dira, arratsaldea bizipenez zipriztintzeko asmoz. Gaia ezin hobe laburbilduz, amaiera eman dio Olaizolak hizketaldiari: "Hauxe da bizipen hitzaren definizioa: sentipenez betetako unea".