Frantziako Tourreko etapen bideokronikak eskainiko ditu Oier Ibargurenek Uztarria.eus-en

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 23a, 16:32

Txirrindulari azpeitiarrak berezkoa duen umore puntuarekin eskainiko ditu aurtengo Frantziako Tourreko etapen kronikak webgune honetan bertan. Komunikazio taldeak Uztarriaren XXI. Pourraren harira egindako proposamena onartuta, zapatutik aurrera egunero bideo bat egingo du Ibargurenek, egun horretako etaparen nondik norakoak eta iritziak elkarbanatzeko. Uztarriak Oier Ibarguren, frenoikpe izenburupean eskainiko ditu saioak.

Hau da Oier Ibarguren, frenoikpe  atalaren lehen bideoa. Bertan, 2021eko Tourraren bueltan izandako burutazio honen inguruko xehetasunak azaldu ditu txirrindulari azpeitiarrak. Era berean, Uztarriaren Pourran parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Uztarriaren XXI. Pourra

Ekainaren 26an, zapatua, hasiko da 2021eko Frantziako Tourra, eta egun bereko 12:00etan amaituko da Uztarriaren XXI. Pourra egiteko epea. Etxe-Zuri, Korrale, Amaia, Sanagustin, Aisialdi, Da, Jim Clark, Zuar eta Bixker tabernetan nahiz Aitzaki Kirolak, Erreka Bike eta Ziklos Beni dendetan egin daitezke apustuak, baita Uztarriaren egoitzan ere.

Pourra, oso-osorik, web orri honetan jarrai daiteke. Helbidea, hauxe:

Hor daude parte hartzeko arauak eta izen-emate orria, eta datozen egunetan osatzen joango gara, informazio gehiagorekin.

Aurtengo Pourrak aurreko urteetako sistema eta funtzionamendu bera izango du. Bederatzi txirrindulari eta talde bat aukeratu beharko dira, ordenean, eta Tourra bukatzean banatuko ditu sariak Uztarriak.