Iganderako hainbat ekintza antolatu ditu Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 23a, 11:04
Joseba Asironen atzoko hitzaldia. (Urolakoen Nafar Zuzterrak)

Atzo arratsaldean 1521-1522. Inbasioa hitzaldia eman zuen Joseba Asironek, eta herritar ugari bertaratu zen Azoka Plaza gaineko aretora. Astebururako antolatuta zituzten ekintzetan, berriz, aldaketak izan dira. Noainera irteera eta gazteen-mahai ingurua atzeratu egin dituzte, eta horien ordez, iganderako hainbat ekintza antolatu dituzte herrian. Xabier Irujok hitzaldia emango du 12:30ean hasita; ondoren, manifestua irakurriko dute plazan; eta gero, herri bazkaria egingo dute Sanagustinen.

1521ean Loiolan eta Noainen izan ziren gertaeren bosgarren mendeurrenaren harira Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak antolatutako saioetan laugarren izan zen atzo arratsaldean. 1521-1522. Inbasioa hitzaldia eman zuen Joseba Asironek, eta herritar ugari bertaratu zen Azoka Plaza gaineko aretora.

Berez, Asironenak behar zuen mendeurrenaren bueltan antolatu dituzten hitzaldietan azkena; ez, ordea, azken ekintza. Izan ere, ondo bidean, larunbatean Noainera irteera egitekoak ziren, eta iganderako gazteen mahai-inguru antolatua zuten Loiolan. Bi ekintza horiek, ordea, atzeratu egin behar izan dituzte.

Ekainaren 30ean 500 urte beteko dira Noaingo guduan nafarrek Gaztelaren mendeko tropei aurre egin zietela, Getzen. Nafarroako Erresuma berreskuratzeko eginiko hiru saioetatik azkena izan zen. Hori gogoratzeko, ekitaldia egin asmo zuten larunbatean, Noaingo Bataila elkarteak antolatuta, gudua gogoratzeko monumentuan. Lore eskaintza bat egiteko asmoa zuten, eta testu bat irakurri. Badira 29 urte halako ekitaldi bat egiten dutela gudua gogoratzeko.

Baina Vox eskuin muturreko alderdiak asteburuan iragarri zuen ekitaldi bat egingo zutela egun, ordu eta leku berean. Hori ikusita, Getzeko kontzejuak adierazi du larunbatean monumentuan sartzea debekatu egingo duela, «gatazkarik ez sortzeko» eta «herritarren segurtasuna» bermatzeko. Horrenbestez, larunbaterako iragarritako ekitaldia uztailaren 4ra atzeratzea erabaki dute.

Horrela, larunbatean Noainera irteerarik egingo ez dutenez eta igandeko mahai ingurua irailera atzeratzea erabaki dutenez, iganderako herrian hainbat ekintza antolatzea erabaki du Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak. 12:30ean Xabier Irujok hitzaldia emango du Azoka Plaza gaineko aretoan; 14:00etan manifestua irakurriko dute herriko plazan; eta jarraian, 14:30ean hasita, bazkaria eta solasaldia egingo dituzte Sanagustinen. Nahi duen oro joan daiteke bazkarira, baina beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, Sanagustinen bertan. 20 euro kostatutako da bazkaria eta larunbatean bukatuko da izena emateko epea.