Uztailaren 3an erreferendumaren aldeko manifestaziora joateko autobusa antolatu du Azpeitiko Gure Eskuk

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 22a, 20:57
Azpeitiko Gure Eskuko kideak erreferendumaren aldeko sinadurak biltzen, plazan. (Gure Esku)

Dagoeneko ireki dute erreferendumaren alde Bilbon egingo duten manifestaziora joateko izen-ematea, eta Orkatzen, Nizan eta Elikagunean egongo da horretarako aukera. Azpeitiko Gure Eskuk gogoratu du erreferendumaren aldeko sinadura bilketarekin ere jarraitzen dutela. 

Gure Esku plataformak deituta, uztailaren 3an erreferendumaren aldeko manifestazio nazionala egingo dute Bilbon. Azpeitiko Gure Eskuk Azpeititik mobilizaziora joateko autobusa antolatu du, eta dagoeneko irekita dago izena emateko epea. Hiru lekutan eman daiteke izena uztailaren 3an autobusez Bilbora joateko: Orkatzen, Nizan eta Elikagunean. Azpeitiko Gure Eskuk azaldu duenez, hiru leku horietan egitasmoaren aldeko laguntza bonoak ere izango dira eskuragarri. 

Uztailaren 3ko manifestazioa 17:30ean hasiko da, Bilboko Areatzan. "Herritarrok gure ordezkari politikoei  EAEko zein Nafarroako legebiltzarrek gure nahi politiko hori bideratzeko garaia dela adierazteko deitu dugu manifestazioa", azaldu du Azpeitiko Gure Eskuk, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. 

Era berean, sinadura bilketarekin jarraitzen dutela gogoratu dute Gure Eskuko kideek: "Urtean zehar egin bezala, aurrera jarraitzen dugu erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboarekin, milaka sinadura aurkeztu nahi dizkiegulako Gasteizko zein Iruñeko parlamentuei, Eusko Jaurlaritzak zein Nafar Gobernuak erreferendumak antolatzeko ahalmena izan dezaten".

Herritarrak erreferendumaren alde sinatzera animatu dituzte, eta jakinarazi dute sinatzea "oso erraza" dela. Gure Eskuren sinadura bilketan parte hartu nahi dutenek hamaikagara.eus webgunean sina dezakete erreferendumaren alde. "Nazio bat gara, gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarron garaia da", adierazi dute Azpeitiko Gure Eskuko kideek. Joan zen apirilean ekin zion Azpeitiko Gure Eskuk herrian sinadurak biltzeari Altxa, Erabaki, Sinatu kanpainarekin bat eginez, eta orduz geroztik ia astebururo atera dira plazara sinadurak biltzera.