Loiola inguruetako mudejar artea ezagutzeko bisita gidatua eskainiko dute igandean

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 22a, 19:04
San Inazioren jaiotetxea. (Urolaturismo.eus)

Mudejar artearen ibilbidea ezagutzeko bisita gidatua izango da igandekoa. Hiru orduko iraupena izango du, eta Azkoititik hasiko da. Bertan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena 943-15 18 78 telefonora deituta, i-loiola@urolaturismo.eus e-posta helbidera idatzita edo Loiolako turismo bulegora joanda.

Joan zen asteburuan hasi ziren Ignaziotar Urtearen testuinguruan Iraurgi Berritzenen turismo sailak antolatutako bisita gidatuak, "Loiolako Iñigoren haurtzaroa eta gaztaroa ezagutzeko" ibilbidearekin. Datorren igandean, hilak 27, eskainiko dute antolatutako bigarren bisita gidatua, eta hitzordura animatzen direnek Loiola inguruetako mudejar artea ezagutzeko aukera izango dute. Hain zuzen, Azkoitia, Loiola, Azpeitia: Mudejar artearen ibilbidea izeneko bisita gidatua izango da igandean eskainiko dutena. Parte-hartzaileak Azkoitiko parrokiaren atarian elkartuko dira 10:00etan, eta handik hasiko dute ibilbidea. Vicente Davila historialaria arduratuko da bisita gidatzeaz.

Mudejar artearen ibilbidea egitera animatzen direnek, Azkoititik hasi eta Azpeitira arteko ibilbidea egingo dute, eta bide horretan zehar adreiluz egindako eraikuntzak –arte mudejarraren ezaugarrietako bat da adreilua– ikusiko dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, "euskal artearen berezitasun dira mudejar estiloan Iraurgi bailaran eraikitako eraikuntza zibilak", eta berezitasun horren arrazoia oraindik "misterioa" dela diote. Horrenbestez, igandeko bisita gidatuan parte hartzen dutenek Azkoitiko, Loiolako eta Azpeitiko adreiluzko eraikuntza zibilak ezagutuko dituzte, esaterako, Floreaga jauregia eta San Inazioren jaiotetxea. Guztira, hiru orduko iraupena izango du bisita gidatuak. 

Igandeko bisitan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena 943-15 18 78 telefonora deituta, i-loiola@urolaturismo.eus e-posta helbidera idatzita edo Loiolako turismo bulegora joanda.