Azkenean, zabalik

Julene Frantzesena eta Ihintza Elustondo 2021ko eka. 23a, 09:00
Oilo Soro elkarteak zabaldu ditu ateak.

2020ko urriaren 24az geroztik itxita egon dira herriko soziedadeak. Ordea, Labi batzordeak larunbatean eman zuen elkarte gastronomikoak zabaltzeko baimena, eta herriko zenbait soziedade hasi dira martxan. Egoeraz hitz egin dute Aitor Bereziartua Landetako Arroita elkarteko kideak eta Jon Galdos Oilo Soroko bazkideak.

Zazpi hilabete baino gehiagoz itxita egon ostean, joan den larunbataz geroztik zabaltzeko baimena dute herriko soziedadeek. Denbora luzea egin dute elkarteetako bazkideek bazkariak, afariak nahiz lagunarteko egonaldiak gune horietan egin gabe, eta gehienek pozarren hartu dute albistea. Hori bai, Eusko Jaurlaritzak ezarrita dituen neurriak bete beharko dira soziedadeetan; besteak beste, mahai bakoitzeko sei lagun egon ahal izango dira, gehienezko edukiera %50ekoa izango da eta 02:00etarako itxita egon beharko dute elkarteek. Aitor Bereziartua Landetako Arroita elkarteko kideak eta Jon Galdos Oilo Soroko bazkideak beren bizipenak azaldu dituzte.

Landetako Arroita soziedadeak ez ditu berehalakoan zabaldu ateak. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak elkarteak-eta irekitzeko baimena eman eta astebetera, ostiral honetan, irekiko dute. Aitor Bereziartua soziedadeko batzordeko kidea da, eta hark azaldu duenez, hainbat matxurarekin egin dute topo hilabeteetan hara joan gabe egon eta gero. "Sagardoa txotxean hozteko gailuaren motorra matxuratuta zegoen, bi lanpara erorita…". Gainera, jeneroa ere alferrik galdu zaiela adierazi du hark: "Maionesa, izozkiak… Pena da, baina…".

Dagoeneko egin dituzte eskaerak, eta ostiralerako dena prest egon dadin, erosketa gutxi batzuk egitea soilik falta zaiela azaldu du Bereziartuak. Orain, bazkideak erreserbak egiten hastea soilik falta da. "Oraindik ez dira hasi erreserbak egiten, nahiz eta pasa den igandean bateren batek soziedadera joateko asmoa ba omen zuen dagoeneko". Elkartea itxita izan den hilabeteetan kuotarik ez dute ordaindu behar izan bazkideek, eta batzordeko kideak azaldu duenez, horren eraginez izan dituzten galerak "txikiak" izan dira.

Oilo Soro, lehen egunetik zabalik

Arroita ez bezala, Jaurlaritzak baimena eman zuen lehen egunetik zabalik dago Oilo Soro elkartea. "Larunbatean bertan zabaldu genuen soziedadea; lehen egunean joan zen gazte kuadrilla bat bazkaltzera", adierazi du Galdosek. Elkarteko kideak bizkor ibili dira irekiera lehenbailehen gauzatzeko. "Ostiralean jakin genuen hurrengo egunean zabal genezakeela soziedadea, eta berehala deitu genion garbitzaileari. Hura prest agertu zen elkartea larunbat eguerdirako garbitzeko, eta halaxe, larunbatean bertan zabaldu genuen Oilo Soro".

Elkartekoek ez dute zailtasun handirik nabaritu gunea zabaltzerakoan. "Ostiral iluntzean joan ginen zuzendaritzako hiru kide soziedadera, eta aparatu guztiak martxan jarri genituen: suak, labeak, barrikak... Denak ondo funtzionatzen zuela ikusi genuen, baina egia da jenero pixka bat galdu egin dugula; garagardo batzuk-eta iraungi egin dira... Horrez gain, hozkailuak-eta itzalita izan ditugu denbora tarte honetan, eta piztu ditugunean, dena zikin-zikin eginda aurkitu dugu, lizunduta... Baina, gainontzean, ez dugu arazorik izan".

Galdosek jakin badaki neurriak ondo betetzea ezinbestekoa izango dela. Jaurlaritzak ezarritako arauak errespetatzeaz gain, koaderno bat ere jarri dute soziedadean. "Elkartera etortzen den pertsona bakoitzak izen-abizenak eta telefono zenbakia apuntatu behar ditu koadernoan, eta zehaztu behar du zer egunetan eta ordutan egon den bertan. Norbaitek positibo emanez gero, hor erregistratuta geldituko da harekin batera zein egon diren elkartean". Horrez gain, beharrezkoa izango da sukaldean aritzerakoan maskara jantzita izatea, eta soilik jaterakoan kendu ahalko da musukoa.

Oilo Soroko bazkideak adierazi du "gogorra" egin zaiola soziedadeak itxita egon diren aldia. "Ni ez naiz asko joaten elkartera, baina futbola dagoenean eta, gustatzen zait lagunekin soziedadean egotea. Gazteak ere uste dut sekulako gogoarekin daudela elkartean bazkariak-eta egiteko. Pixka bat bidegabea ere iruditzen zait gertatu dena. Zergatik zabaldu dira azkena soziedadeak? Dena den, orain gustura gaude ireki direlako". Momentuz, zuzendaritzakoak ez daude kezkatuta izurriaren zabalkundeari begira gerta daitekeenarekiko. "Ez, momentuz ez gaude kezkatuta. Gazteei bota ohi zaie beti errua, eta geu ere nahiko aldrebesak gara. Dena den, uste dut ondo moldatuko garela eta neurriak betetzen asmatuko dugula".