'Nola eraldatu langile teknikoak pertsonen kudeatzaile?' ikastaroa izango da uztailean

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 22a, 10:04

Azpeitiko Udalak eta IMHk elkarlanean antolatu dute ikastaroa. Uztailaren 6tik 27ra bitartean egingo dute; astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan izango dira saioak, 09:30etik 11:30era bitartean, online. Izen ematea doakoa da.

Nola eraldatu langile teknikoak pertsonen kudeatzaile? izeneko ikastaroa antolatu dute Azpeitiko Udalak eta IMHk elkarlanean. Ikastaroa uztailaren 6tik 27ra bitartean egingo dute; astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan izango dira saioak, 09:30etik 11:30era bitartean, online.

Ikastaroaren sustatzaileek honela azaldu dituzte haren nondik norakoak: "Promozioa motibazio tresna gisa erabiltzeko joera dugu, eta, izatez, horretarako tresna ona da. Hala ere, ez gara ohartzen promozioek, gehienetan, pertsonen kudeatzailearen funtzioa daramatela berekin, eta horrek sustatuak burutik ekarri ohi ditu; beraz, batzuetan kudeatzaile txarrak lortzen ditugu eta langile edo teknikari onak galtzen ditugu". Gai horri lotuta, askotariko edukiak landuko dituzte.

Izena emateko azken eguna uztailaren 1a, osteguna, izango da, eta doakoa izango da ikastaroa. Parte hartzeko, helbide honetara idatzi behar da: basazabal@azpeitia.eus. Izen-abizenak, NAN zenbakia, helbide elektronikoa eta telefonoa zehaztu behar dira izena ematerakoan.